Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Bizkaia da oraindik ere EAEtik intzidentzia txikiena duen lurraldea, 2.287 kasurekin
Arabak jarraitzen dio, 2.446 kasurekin, eta gaur-gaurkoz Gipuzkoa da egoera okerrenean dagoena, 2.708 kasuko intzidentzia metatuarekin.
L.Z. | EITB Media
(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean bitan eguneratuko da aurrerantzean, astelehen eta ostegunetan)
Intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan, baina oraindik altua da, udalerri guztiek gorriz margotuta jarraitzen baitute. Usurbil da, hain zuzen ere, gaurko egunean egoera okerrenean dagoena, 3.852 kasurekin. Kontrara, Bermeo da EAE osotik intzidentzia txikiena duena, 1.336 kasurekin, covid-19ak herriz herri izan duen eragina neurtzeko erabiltzen duten semaforoaren arabera.
Araban, intzidentziak behera egiten jarraitzen du, eta 3.000tik behera dago, 2.446 kasukoa baita (2.830 kasukoa zen ostegunean). Amurrio da lurraldean intzidentzia handiena duen udalerria, 3.752 kasukoa baitu, eta Gasteizek 100.000 biztanleko 2.423ko intzidentzia du, otsailaren 3an 2.821 kasukoa zeukan.
Bizkaian, ostegunean 2.671 kasuko intzidentzia izatetik 2.287koa izatera jaitsi da. Herri handi guztiek 4.000 kasutik beherako intzidentzia dute, eta gehienek 3.000tik beherakoa. Bilbon ere egoerak hobera egin du, eta intzidentzia metatua 2.510ekoa izatetik 2.123koa izatera jaitsi da. Bermeok, berriz, herri handienen artean intzidentzia txikiena izaten jarraitzen du (1.336), gainerakoen nahiko azpitik.
Gipuzkoa da gaur-gaurkoz lurralde zigortuena, baina behera egin du intzidentziak azken egunotan, 3.310 kasukoa izatetik 2.708 kasukoa izatera. Donostian ere, hobera egin dute datuek, gaur 100.000 biztanleko 2.741 kasu baitaude (3.001 ziren ostegunean). Egun, 4.000 kasutik gorako intzidentia duen udalerri bakarra dago: Usurbil (3.852 kasu).
Covid-19aren semaforoa Europar Batasunak (EB) onartutako kolore-maparen egokitzapena da, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa jasotzen du.