Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Oñatin intzidentziak 3.000 kasuak gainditu ditu; Aretxabaleta, Eskoriatza eta Orio ere gertu daude
Gipuzkoak jarraitzen du lurralde zigortuena izaten, eta 10 udalerrik baino gehiagok dute 2000 kasutik gorako intzidentzia.
ANE SANTESTEBAN | EITB Media
(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean bitan eguneratuko da aurrerantzean, astelehen eta ostegunetan)
Koronabirusaren kutsatzeen bilakaera bizkortzen ari da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Covid-19ak herriz herri izan duen eragina neurtzeko erabiltzen duten semaforoaren arabera, Bizkaiak jarraitzen du intzidentzia-tasarik txikiena izaten (894 kasu 100.000 biztanleko), ondoren Arabak (1.000 kasu baino gehiago) eta Gipuzkoak (1570 kasu).
Hala, Gipuzkoako lurraldea da oraindik ere eragin handiena duena, eta 11 herritan 2.000 kasutik gorako intzidentzia dute.
Arabak eremu gorrian jarraitzen du, eta intzidentziak 100.000 biztanleko 1.200 kasuak gainditu ditu dagoeneko (1.227 kasu). Gasteizen (1.055 kasu), Laudion eta Amurrion ere gainditu dute 1.000 kasuren muga hori, eta hiru herri gehiagok egin dute bat transmisio handiko udalerrien zerrendarekin. Agurainek 2.000ko intzidentzia-kasuen gainetik egoten jarraitzen du.
Bizkaian ere gora egin du intzidentziak, nahiz eta hiru lurraldeen artean intzidentzia txikiena izaten jarraitu. 100.000 biztanleko 711 kasutik 894ra igo da, baina 4 herri gutxiago daude (98 guztira) eremu gorrian. Bilbo 1.000 kasutik gertu dago, eta Arrigorriaga, Derio, Durango, Elorrio, Ermua, Etxebarri, Galdakao, Ondarroa, Sopela eta Zornotza 1.000 kasutik gora daude. Etxebarrik, horrela, udalerri laranja izateari utzi eta gorrira egin du jauzi.
Gipuzkoak jarraitzen du lurralde zigortuena izaten, eta 100.000 biztanleko 1.500 kasuak gainditzen ditu gaur ere. 5.000 biztanletik gorako herri guztiek eremu kritikoan jarraitzen dute eta 11 herrik gainditu dute 2.000ko muga. Horietatik Aretxabaleta, Eskoriatza eta Orio 2.500 kasuko intzidentziaren gainetik daude eta Oñatin intzidentziak 3.000 kasuren langa gainditu du.
Covid-19aren semaforoa Europar Batasunak (EB) onartutako kolore-maparen egokitzapena da, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa jasotzen du.