Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Azpeitia eta Zumarraga eremu gorrira batu eta Ondarroa eta Urnieta bertatik irten dira
Gipuzkoan, Aretxabaleta, Astigarraga, Deba, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Legazpi, Oiartzun, Ordizia, Pasaia eta Usurbil eremu berdetik irten ondotik, Zumaia bakarrik gelditu da bertan.
ANE SANTESTEBAN | EITB Media
(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean behin eguneratuko da aurrerantzean, astelehenero)
Kasu positiboek gora egiten jarraitzen dute EAEn, baina egoera ez da, oraingoz, kezkagarria. Azpeitia eta Zumarraga eremu gorrira igaro dira, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabiltzen duen semaforoaren arabera. Lazkaok eta Agurainek zerrenda horretan jarraitzen dute, eta Ondarroak eta Urnietak, berriz, bertatik irtetea lortu dute.
Arabak gune berdean jarraitzen du (54 kasu), eta eremu berean daude Gasteiz eta Amurrio. Laudiok hori jarraitzen du, eta Agurainek gorrian. Ez dago udalerririk eremu laranjan.
Bizkaiak, eremu horiari eutsi dio (75 kasu 100.000 biztanleko). Ondarroak eremu gorria atzean utzi du, eta laranjara igaro da, Sopelarekin batera. Ez dago udalerririk semaforoaren eremu latzenean.
Eremu horian honako udalerri hauek daude: Abadiño, Arrigorriaga, Balmaseda, Bermeo, Bilbao, Durango, Galdakao, Gernika-Lumo, Lekeitio, Portugalete eta Zornotza.
Zerrenda berdea, berriz, ondorengoek osatzen dute: Abanto, Barakaldo, Basauri, Berango, Derio, Elorrio, Erandio, Ermua, Etxebarri, Getxo, Gorliz, Gueñes, Leioa, Markina-Xemein, Mungia, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Trapagaran eta Zalla.
Gipuzkoak horiz jarraitzen du, eta azken egunetan gora egin du intzidentziak, 100.000 biztanleko 116 kasu baitituzte bertan. Urnieta eta Lazkao gorriz daude, eta gaurtik baita Azpeitia eta Zumarraga ere.
Andoain, Astigarraga, Arrasate, Azkoitia, Beasain, Bergara, Deba, Eibar, Elgoibar, Hernani, Irun, Lasarte-Oria, Legazpi, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Orio, Pasaia, Urnieta, Donostia, Urretxu, Usurbil, Villabona eta Zarautz udalerri horiak dira.
Amaitzeko, udalerri bakarrak eutsi dio kolore berdeari: Zumaiak.
Europar Batasunak onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.