Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Lasarte-Oria, Durango eta Etxebarri eremu gorritik irten dira
Tolosak, ordea, ez dio laranjari eutsi eta gorri jarri da semaforoa udalerri gipuzkoarrean.
Ane Santesteban | EITB Media
Durangok, Etxebarrik eta Lasarte-Oriak eremu gorritik irtetzea lortu dute, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabiltzen duen semaforoaren arabera. Tolosak, baina, ezin izan dio laranjari eutsi eta egoerak okerrera egin ostean, gorri jarri da semaforoa bertan.
35 pertsona hil dira azken astean Euskadin covid-19aren ondorioz, aurreko kopurua bikoiztuz. Positibo berriak, berriz, 748 dira, eta gaixo kritikoen kopuruak gorantz jarraitzen du.
Arabak (523 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian jarraitzen du, baita Gasteiz hiriburuak eta Amurriok ere.
Agurainek laranja jarraitzen du, eta Laudio horira igaro da, egoerak hobera egin eta gero. Araban ez dago herririk eremu berdean.
Bizkaia ere (530 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, baita Bilbo eta lurraldeko udalerri ia guztiak: Abanto, Arrigorriaga, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Berango, Bermeo, Derio, Erandio, Galdakao, Gernika-Lumo, Getxo, Gorliz, Gueñes, Leioa, Lekeitio, Markiña-Xemein, Mungia, Muskiz, Ondarroa, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela eta Zornotzan.
Zazpi dira egoera latzenetik at dauden Bizkaiko udalerriak. Trapagaranek laranjan jarraitzen du, eta azken orduetan Durango eta Etxebarri gehitu dira zerrendara.
Horian berriz, Abadiño, Ermua eta Zalla, daude, eta egoerak hobera egin ostean, Elorrion ere kolore horretan dago semaforoa.
Ez dago herri bakar bat ere berdean.
Gipuzkoa (421 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, baita hiriburua, Donostia, Aretxabaleta, Azpeitia, Deba, Donostia, Eibar, Hondarribia, Irun, Lazkao, Mutriku, Oiartzun, Ordizia, Pasaia, Urnieta, Villabona, Zarautz eta Zumaia ere.
Laranjaz margotuta ageri dira Andoain, Errenteria, Legazpi, Tolosa eta Usurbil. Egun bakarra gorrian egon ondotik, Lasarte-Orian ere laranjara igaro da. Elgoibarren, berriz, egoerak okerrera egin du eta zerrenda honetara gehitu da, horia atzean utzita.
Arrasatek, Astigarragak, Beasainek, Bergarak, Hernanik eta Oriok horiari eutsi diote, eta Azkoitia, Lezo, Oñati, Urretxu eta Zumarraga ere zerrendara gehitu dira.
Ez dago udalerririk eremu berdean.
Europar Batasunak onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.