Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
EAEko hiru lurraldeak daude gorrian, Araba eta Bizkaia sartu ostean
Horrez gain, 5000 biztanle baino gehiagoko 19 udalerritan, tartean Gasteiz eta Bilbo hiriburuetan, makurtu da egoera, eta pilatutako 400 kasu baino gehiagoko tasa metatua dute orain.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Arabako eta Bizkaiko lurraldeak eta bi hiriburuak, Gasteiz eta Bilbo, eremu gorrira igaro dira astelehen honetan, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Halaber, beste 17 udalerri handi batu dira gune latzenera.
Arabak (428 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrira egin du jauzi, Gasteizekin batera. Amurriok eta Laudiok bertan jarraitzen dute. Agurainek ere okerrera egin du, eta horitik laranjara igaro da.
Horrenbestez, ez dago udalerri handirik eremu horian edo berdean Araban.
Bizkaia ere (483 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian sartu da (ostiralean baino 88 puntu gehiagoko tasa metatua). Lurraldeak ez ezik, beste 14 udalerrik ere, tartean Bilbo, egin dute bide bera: Abantok, Barakaldok Basaurik, Berangok, Bermeok (azken biak horitik gorrira igaro dira zuenean), Bilbok, Erandiok, Muskizek, Portugaletek, Santurtzik, Sestako, Sopelak, Trapagaranek eta Zornotzak. Aurrez honakoak zeuden gune kritikoenean, eta ez dira mugitu: Abadiño, Arrigorriaga, Durango, Galdakao, Getxo, Gueñes, Gorliz, Leioa, Mungia, Ortuella eta Zalla.
Eremu laranjara honakoak igo dira: Elorrio, Lekeitio eta Ondarroa.
Hala, horiz mantentzen diren udalerriak honakoak dira: Derio, Ermua, Etxebarri, Gernika-Lumo eta Markina-Xemein.
Ez dago udalerririk eremu berdean.
Gipuzkoa (644 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, eta hemen ere nabarmena izan da egoera epidemiologiko kaskarragoa duten herrien gorakada. Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Deba, Donostia, Eibar, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lazkan, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Villabona, Zarautz, Zumarraga eta Zumaia.
Andoainen, Elgoibarren eta Errenterian ere igo da intzidentzia, eta laranjan daude orain.
Gutxi batzuek lortu dute eremu horian geratzea, lauk hain justu: Aretxabaleta, Bergara, Legazpi eta Usurbil. Aipagarria da Azpeitia izan dela datuak hobetu dituen EAEko udalerri bakarra, laranjatik horira pasatuta.
Horrenbestez, ez dago udalerririk eremu berdean.
Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.