Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Donostia sartuta, EAEko hiru hiriburuak daude gorrian
Horrez gain, Laudion (Araba), Berangon (Bizkaia) eta Azpeitian eta Deban (Gipuzkoa) okerrera egin dute datuek, eta eremu astinduenean daude. Bizkaia bera ere gune gorriaren atarian dago.
E. G. | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru hiriburuak gune astinduenean daude jada, gaur sartu baita bertan Donostia, covid-19ak Euskadin herriz herri izan duen eragina neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Horrez gain, Laudio, Berango, Deba eta Azpeitia ere eremu gorrian daude.
Arabaren kasuan, gorrian jarraitzen du, baita Gasteizek eta Amurriok ere. Azken orduetan, gainera, Laudio batu zaie.
Horrenbestez, ez dago udalerririk bigarren mailan, laranjan. Agurainek kolore horiari eutsi dio, ordea.
Bizkaian, eremu gorrian jarraitzen dute Bilbok, Getxok, Ondarroak, Portugaletek eta Sestaok, baina Berango gaineratu behar zaie.
Gune laranjan, Abadiño, Elorrio, Ermua, Leioa eta Trapagaran sartu dira azken orduetan. Arrigorriaga, Basauri, Durango, Erandio, Muskiz, Santurtzi eta Zornotza ere zerrenda horretan daude. Bizkaiak berak ere laranjan jarraitzen du, baina gorritik oso gertu (395 kasu 100.000 biztanleko).
Horian hauek daude: Abanto, Balmaseda, Barakaldo, Bermeo, Derio, Etxebarri, Galdakao, Gernika-Lumo, Gorliz, Gueñes, Lekeitio, Markina-Xemein, Mungia, Ortuella, Sopela eta Zalla.
Ez dago udalerririk eremu berdean.
Gipuzkoa da lurralderik astinduena, eta hiriburua ere, Donostia, bertan sartu da azken orduetan, baita Azpeitia eta Deba ere. Guztira, 29 udalerri daude gune gorrian: Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Beasain, Eibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Lasarte-Oria, Lazkao, Legazpi, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Villabona, Zarautz, Zumaia, eta Zumarraga.
Eremu laranjan, berriz, Andoain, Bergara, Irun eta Usurbil daude.
Elgoibar da kolore horiari eusten dion bakarra Gipuzkoan.
Ez dago udalerririk eremu berdean.
Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.