Gizartea -

Koronabirusa

Pandemia egonkor mantentzen da Euskadin eta okerrera egin du Nafarroan

EAEk 454 positibo gehiago atzeman ditu asteazken honetan eta kutsatze portzentajea % 4,4ra igo da, baina ospitaleratzeak gutxitu dira. Nafarroan aurreko egunean baino 147 kasu gehiago zenbatu dituzte.

Osasun langile bat COVID-19aren laginak aztertzeko laborategi batean. Argazkia: EFE
Osasun langile bat COVID-19aren laginak aztertzeko laborategi batean
Osasun langile bat COVID-19aren laginak aztertzeko laborategi batean. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19aren bilakaera Euskadin nahiko egonkor mantentzen da; izan ere, azken 24 orduetan EAEk 454 kutsatu berri (26 gehiago) atzeman ditu asteazken honetan egindako 10.314 PCR probetan. Gainera, ospitaleratze berriak eta zainketa intentsiboetako unitateetako gaixoen kopuruak behera egin dute azken orduetan.

Asteazkenean egindako PCR proben % 4,4 positiboak izan ziren, astearteko % 4,2a baino gehiago; izan ere, 428 positibo atzeman zituzten asteleartean eta proba gutxiago (10.022 PCR) egin ziren, Osasun Sailak jakitera eman duenez.

Asteazken honetako datuen harira, Euskadin 100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa 246,07koa da.

Lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaiak eta Gipuzkoak gora egin dute positiboen kopuruan, eta Arabak eutsi egin die. Bizkaiak 195 kasu berri gehitu ditu (aurreko egunean 184 izan ziren), eta horietatik 77 Bilbori dagozkio. Gainera, Barakaldok 15 eta Durangok eta Santurtzik 10 kasu atzeman dituzte.

Gipuzkoan 192 positibo berri erregistratu dituzte (astelehenean 180); horietatik 40 Donostian, 11 Eibarren eta hamar Pasaian. Arabak 58 positibo berri izan ditu (aurreko egunean 58), eta horietatik 47 Gasteizen izan dira. Halaber, Euskaditik kanpo bizi diren bederatzi pertsonek positibo eman dute, asteartean baino hiru gehiago.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak, pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Ospitaleratze gutxiago

EAEko ospitaleetan, asteazken honetan, 29 pertsona ospitaleratu dituzte; asteartean, berriz, 31 gaixok ospitaleratu zuten, eta zainketa intentsiboetako unitateetan 48 pertsona daude (aurreko egunean baino hiru gutxiago). Guztira, ospitaleratutako pertsonen kopurua 238koa da.

Adin-taldeen arabera, azken eguneko positibo gehienak 40 eta 64 urte artekoak (190 kasu) dira eta 19 eta 39 urte artekoak (113 kasu). 18 urtera arteko biztanleen artean, berriz, 90 kasu hauteman dira. 65 eta 79 urte bitartekoen artean 24 positibo zenbatu dituzte, eta 80 urtetik gorakoen artean, 26.

100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasarik handiena 19 eta 39 urte arteko adin-tarteari dagokio (308,6), ondoren 18 urtera arteko biztanleak daude (268,9), 80 urtetik gorako herritarrak daude (235,5), 40 eta 64 urte bitartekoak daude (227,4) eta azkenik 65 eta 79 urte bitartekoak daude (153,7).

Euskadiko ikastetxeen egoerari dagokionez, bakar bat ere ez dago itxita, baina 91 ikasgela daude itxita (guztien % 0,52), asteazken honetan baino 11 gutxiago, 59 ikastetxetan (atzo baino 6 gutxiago).

Lau hildako Arabako erresidentzia batean eta beste bi Gipuzkoan

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du lau adineko hil zirela koronabirusarekin irailaren 21etik urriaren 6ra bitartean Zuiako Orobide egoitza pribatuan.   

Horrez gain, Gasteizko Ajuria eguneko zentroan bi positibo detektatu dituzte eta egoitza datorren asteazkenera arte ixtea erabaki du Osasun Sailak.  

Eguneko zentro horretara joaten diren adinekoei PCR probak egin zizkieten urriaren 5ean eta emaitzak negatiboak izan dira. Ostegun honetan 14 kontatu esturi egin dizkiete testak.

Gipuzkoako erresidentziatan, berriz, beste bi adineko hil dira koroanbirusarekin, azken orduetan positibo gehiago detektatu ez badituzte ere.

Foru Aldundiak azaldu duenez, bi hildakoak Bergarako Mizpirualde egoitzan bizi ziren.

Pandemiaren bigarren olatuan, abuztuaren 11tik, 29 pertsona hil dira Gipuzkoako zahar-etxeetan, eta 50ek gaixotasuna gainditzea lortu dute.  

Nafarroako egoera

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak 400 kasu berri atzeman ditu asteazken honetan, Nafarroako Osasun Publiko eta laboraleko Institutuak emandako datuen arabera, osasun sistema publikoan 3.236 PCR proba egin ostean (% 12,4 positibo izan ziren), lau heriotza izan direla jakinarazi dute, 94, 87 eta 82 urteko hiru emakume eta 87 urteko gizon bat.

Ospitaleratzeen eta alten balantzea egin ostean, 251 gaixo daude ospitaleetan eta 26 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan, Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Eskualdean erregistratu ziren positiboen % 61, Tuterako Eremuan % 14 eta Lizarran % 4. Gainerako positiboak (% 21) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.

Adin-tarteei dagokienez, atzokoan 15-29 urtekoen taldea izan zen nagusi (% 26), eta ondoren, 45-59 urtekoen taldea ( % 20); ondoren, 30-44 urtekoen taldea eta 15 urtetik beherakoena (% 16) daude. Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea (% 13) eta 75 urtetik gorakoena ( % 9) daude. Kasu berrien batez besteko adina 41,2 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 51 gizonak dira eta % 49 emakumeak.

Epidemiologiaren ikuspuntutik, pandemiaren bilakaerari dagokionez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi du asteazken honetan 25 pertsona gehiago sartu zirela Nafarroako ospitaleetan COVID-19 aren ondorioz, eta bakar bat ere ez zainketa intentsiboetako unitateetan, koronabirusa ospitaleratzeko arrazoi nagusi gisa.

Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakitera eman duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ostean, 251 pertsona daude ospitaleratuta, atzo baino 5 gehiago. Hemen sartzen dira osasun-sare integratuan, zentro publikoetan eta pribatuetan ospitaleratutako paziente guztiak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, asteazken honetako kasuak gehituz gero, 20.389 pertsona kutsatu dira eta guztira 606 lagun dira hildakoak.

12.423 positibo eta 126 hildako Estatuan

Bestalde, Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, 12.423 kasu positibo detektatu dituzte, horietako 5.585 azken orduetan. Halaber, 126 pertsona hil dira koronabirusak jota. Hortaz, guztira, Espainian 848.324 pertsona kutsatu eta 32.688 zendu dira.  

Egoerarik larriena Madrilgo erkidegoan bizi dute: 2.265 kasu berri antzeman dituzten azken orduetan. Madrilen ostean, Andaluzia, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Aragoi daude, hurrenez hurren.  

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuak Adinekoentzako egoitzak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Osasunbidea