Gizartea -

Koronabirusa

Osakidetza datozen egunetako kasuen gorakadaren aurrean prestatzen ari da

Nekane Murgak ohartarazi duenez, Euskadik "bigarren olde bati aurre egin behar dio". Uneotan kezka gehien sortzen duten lau foku aktiboak gertutik jarraitzen ari da Osakidetza.

Osasun arloko langileak, ospìtale batean. Argazkia: EFE
Osasun arloko langileak, ospìtale batean.
Osasun arloko langileak, ospìtale batean. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ospitaleratze logela bereziak eta zaintza intentsiboetako unitateak prestatzen hasi da Osakidetza, datozen egunetan ospitaleratu behar dituzten COVID-19 gaixoen kopuruak gora egingo duela aurreikusten baita. Gauzak horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ospitaleak eta osasun zentroak egokitzen ari dira jada, koronabirusaren bigarren olde bati aurre egiteko, osasun sistemak gainezka egin gabe.

Ildo horretatik, Gurutzetako Ospitalean une honetan koronabirusa duten sei gaixo daude, eta horietako bat zainketa intentsiboen unitatean dago. Guztira, ospitale horrek helduentzako 69 ohe ditu zaintza intentsiboetan, baina behar izanez gero 215 ohe jartzea ahalbidetuko luketen bi gune berri prestatzen ari dira, Edurne Omaetxebarria Ezkerraldea ESIko zuzendari medikoak EITBri azaldu bezala.

Bigarren oldeari erantzuteko prestatzen ari da Gurutzetako ospitalea (bideoa, 2020/08/04)

Bigarren oldeari erantzuteko prestatzen ari da Gurutzetako ospitalea
Bigarren oldeari erantzuteko prestatzen ari da Gurutzetako ospitalea
Bigarren oldeari erantzuteko prestatzen ari da Gurutzetako ospitalea

1:29

Osasun arloko profesionalek adierazi dutenez, "lasaitasun estuko unea" da, eta, beraz, hainbat agertoki prestatzen ari dira, datozen egunetan ospitaleetara iritsiko diren kutsatuen kopuruak gora egingo duela aurreikusten baitute. Osakidetzaren kontingentzia planak bost egoera posible aurreikusten ditu udazkenean, eta, horietako okerrenera iritsiz gero, Euskadin ospitaleen sareak zainketa intentsiboetako 690 ohe izango lituzke.

Euskadik bigarren olde bati aurre egin behar dio

Nekane Murga jarduneko Osasun sailburuak ohartarazi duenez, azken asteotan COVID-19arekin kutsatutakoen kopuruak "hazkunde handia" izan du. "Zalantzarik gabe, Euskadik bigarren olde epidemiko bati aurre egin behar diola erakusten du", eta, horregatik, jarduera soziala "ahalik eta gehien" murrizteko eskatu die herritarrei. Horren harira, "birusa nagusitzen ari da eta ez dago arrazoirik ahulagoa eta ez hain hilgarria denik uste izateko", adierazi du.

Murgak ohartarazi duenez, "aste honetan kutsatuko diren dozenaka pertsona ospitaleratu beharko dituzte eta, zalantzarik gabe, batzuk hil egingo dira". Hala, koronabirusaren transmisio ahalmena ez "gutxiesteko" eskatu du, ezta osasunean duen eragina ere. "Ez dago birusa ahulago dagoela eta haren hilgarritasuna jaitsi dela sinesteko arrazoirik", ohartarazi du.

"Ez da posible normaltasun berria"

Hori horrela, koronabirusa "irabazten" ari dela azpimarratu du, eta, horregatik, "jarduera soziala ahalik eta gehien murrizteko" eskatu die herritarrei. "Birusa normaltasun berri bat ezinezkoa dela erakusten ari da. Elkarrengandik urrundu behar dugu. Bi metro, metro eta erdi baino hobea da", azpimarratu du.

Sailburuak nabarmendu duenez, birusa gaueko aisialdian, terrazetan eta kostaldeko pasealekuetan dago, eta irtenbidea ez da isun gehiago jartzea edo pertsonak biltzen diren guneetarako sarbideak moztea, beste batzuk mendiko txangoetan, otorduetan eta ospakizunetan edo lanerako joan-etorrietan kutsatzen baitira.

"Geure burua engainatzen dugu txokoetara edo landetxeetara joaten bagara", berretsi du Nekane Murgak. Halaber, ziurtzat jo du datozen egunetan ospitaleratze gehiago izango direla, kutsatutakoen batez besteko adinak gora egin duelako uztailarekin alderatuta, COVID-19a hartzen duten 40 eta 70 urte bitarteko herritar batzuek ospitale-arreta beharko dutelako.

Kezka gehien sortzen duten lau agerraldiak

Ildo horretatik, uneotan kezka gehien sortzen duten lau foku aktiboak gertutik jarraitzen ari da Osakidetza. Urdulizko Ospitalean, orain arte 523 PCR proba burutu dira Erandio Goikoa batzokiko bezeroen artean egiten ari diren baheketa lanak direla eta. Horietatik, lau positibo izan dira.

Basurtuko ospitalean 111 PCR proba egin dira Bilboko Fever diskotekaren fokuarekin lotuta, eta guztira 18 emaitza positibo izan dira.

Halaber, uztailaren 29tik abuztuaren 2ra bitartean Aguraingo Kokolo tabernan egon ziren pertsonei beren osasun-zentroekin harremanetan jar daitezela eskatu diete Osasun Sailak eta Osakidetzak, PCR proba bat egiteko eta, horrela, kasu positiboak detektatzeko.

Gainera, Donostiako Gros auzoko Ramuntxo Berri tabernan kutsadura-foku bat egon daitekeen ikertzen ari da Osasun Saila, eta ostiral honetan hasiko da proba masiboak egiten uztailaren 26tik abuztuaren 3ra bitartean establezimenduan egon ziren bezeroei.

Simon ez dator bat Murgarekin: "Nik ez nioke bigarren olde deituko"

Horren gainean, Fernando Simon Osasun Larrialdien Koordinaziorako Zentroaren zuzendariak zehaztu du berak ez liokeela deituko bigarren olde Espainiako Estatuan gertatzen ari den koronabirus-kasuetako gorakadari, "ez kontrolik gabeko transmisio komunitarioa egon arte".

"Nire pertzepzioa pixka bat desberdina da", erantzun du epidemiologoak, Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuaren adierazpenen gainean galdetu diotenean. Simonek onartu egin du, hala ere, EAEko bi lurralde historikotan "gorakada argia" dagoela, eta bestean, aldiz, "egoera egonkorragoa" dela. Hori bai, nabarmendu du kasuetako asko asintomatikoak direla.

"Nire iritziz, hauek dira berragertzeekin lotutako kasuak, nolabait kontrolpean dagoen transmisioa; baina berragertzeekin loturik ez dagoen kontrolik gabeko transmisio komunitariorik izan arte, eta ez badugu argi egiten ari garena dela atzematzea lehen atzematen ez genuen guztia, nahiago dut zuhurra izan", azpimarratu du. Horrek, haren esanetan, ekar litzake herritarrek arrisku-maila jakin bat barneratzea, nahiz eta hori ez izan egunotan bizitzen ari dena. "Nik ez nuke esango bigarren oldea denik", adierazi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Iruñea Erandio Herriak eta Hiriak Galdakao Getxo Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Barakaldo Ermua Eibar Tutera Eusko Jaurlaritza Tolosa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Zarautz Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Ondarroa Zumaia Ordizia Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuak Berango Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Getaria Erizaintza Sendagaiak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Galdakao-Usansolo Ospitalea