Gizartea -
KORONABIRUSA
Murgak ohartarazi duenez, Euskadik "bigarren olde bati aurre egin behar dio"
Gizarte jarduera ahalik eta gehien murrizteko eskatu die sailburuak herritarrei. Fernando Simon, aldiz, ez dator bat Murgarekin: "Nik ez nioke bigarren olde deituko", esan du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nekane Murga jarduneko Osasun sailburuak ohartarazi duenez, azken asteotan COVID-19arekin kutsatutakoen kopuruak "hazkunde handia" izan du. "Zalantzarik gabe, Euskadik bigarren olde epidemiko bati aurre egin behar diola erakusten du", eta, horregatik, jarduera soziala "ahalik eta gehien" murrizteko eskatu die herritarrei. Horren harira, "birusa nagusitzen ari da eta ez dago arrazoirik ahulagoa eta ez hain hilgarria denik uste izateko", adierazi du.
Era berean, Osakidetzak etorriko denari aurre egiteko gaitasuna duela eta ospitaleratze logela bereziak eta zaintza intentsiboetako unitateak prestatuko dituela esan du; izan ere, ohartarazi duenez, "aste honetan kutsatuko diren dozenaka pertsona ospitaleratu beharko dituzte eta, zalantzarik gabe, batzuk hil egingo dira".
Gasteizen emandako prentsaurreko batean, Murgak ohartarazi du azken asteotan kutsadurak "nabarmen" hazi direla, eta horrek agerian uzten duela, "zalantzarik gabe, bigarren olde epidemiko bati aurre egin behar diogula", nahiz eta hedapenak martxoan baino "indar gutxiago" izan.
Nolanahi ere, koronabirusaren transmisio ahalmena ez "gutxiesteko" eskatu du, ezta osasunean duen eragina ere. "Ez dago birusa ahulago dagoela eta haren hilgarritasuna jaitsi dela sinesteko arrazoirik", ohartarazi du.
"Ez da posible normaltasun berria"
Hori horrela, koronabirusa "irabazten" ari dela azpimarratu du, eta, horregatik, "jarduera soziala ahalik eta gehien murrizteko" eskatu die herritarrei. "Birusa normaltasun berri bat ezinezkoa dela erakusten ari da. Elkarrengandik urrundu behar dugu. Bi metro, metro eta erdi baino hobea da", azpimarratu du.
Sailburuak nabarmendu duenez, birusa gaueko aisialdian, terrazetan eta kostaldeko pasealekuetan dago, eta irtenbidea ez da isun gehiago jartzea edo pertsonak biltzen diren guneetarako sarbideak moztea, beste batzuk mendiko txangoetan, otorduetan eta ospakizunetan edo lanerako joan-etorrietan kutsatzen baitira.
"Geure burua engainatzen dugu txokoetara edo landetxeetara joaten bagara", berretsi du Nekane Murgak. Halaber, ziurtzat jo du datozen egunetan ospitaleratze gehiago izango direla, kutsatutakoen batez besteko adinak gora egin duelako uztailarekin alderatuta, COVID-19a hartzen duten 40 eta 70 urte bitarteko herritar batzuek ospitale-arreta beharko dutelako.
Aurreikuspen horien aurrean, Euskal Osasun Zerbitzua koronabirusa duten gaixoak artatzeko plantak prestatzen ari da Basurtuko eta Urdulizko ospitaleetan (Bizkaia); izan ere, lurralde horretan biltzen da positibo gehien. Halere, gaur egun euskal laguntza-sareak berragerpen hori bere gain hartzeko gaitasuna du, ospitaleek % 40ko okupazioa baitute.
Simon ez dator bat Murgarekin: "Nik ez nioke bigarren olde deituko"
Horren gainean, Fernando Simon Osasun Larrialdien Koordinaziorako Zentroaren zuzendariak zehaztu du berak ez liokeela deituko bigarren olde Espainiako Estatuan gertatzen ari den koronabirus-kasuetako gorakadari, "ez kontrolik gabeko transmisio komunitarioa egon arte".
"Nire pertzepzioa pixka bat desberdina da", erantzun du epidemiologoak, Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuaren adierazpenen gainean galdetu diotenean. Simonek onartu egin du, hala ere, EAEko bi lurralde historikotan "gorakada argia" dagoela, eta bestean, aldiz, "egoera egonkorragoa" dela. Hori bai, nabarmendu du kasuetako asko asintomatikoak direla.
"Nire iritziz, hauek dira berragertzeekin lotutako kasuak, nolabait kontrolpean dagoen transmisioa; baina berragertzeekin loturik ez dagoen kontrolik gabeko transmisio komunitariorik izan arte, eta ez badugu argi egiten ari garena dela atzematzea lehen atzematen ez genuen guztia, nahiago dut zuhurra izan", azpimarratu du.
Horrek, haren esanetan, ekar litzake herritarrek arrisku-maila jakin bat barneratzea, nahiz eta hori ez izan egunotan bizitzen ari dena. "Nik ez nuke esango bigarren oldea denik", adierazi du.