Gizartea -
Koronabirusa
Tabernek eta dantzalekuek 01:30erako itxi beharko dute beranduenez EAEn
Eusko Jaurlaritzak murrizketa gehiago ezarri ditu ostalaritzan. Aste honetan sartuko dira indarrean.
eitb.eus
Nekane Murga Osasun sailburuak ostalaritza sektorerako murrizketa berriak iragarri ditu, koronabirusaren transmisioa murrizteko helburuarekin. Asmoa astebururako agindua martxan egotea omen da.
Murgak agerraldia egin du, covid-19aren Jarraipen Batzordeak Lehendakaritzan egin duen bileraren ostean, eta ostalaritza sektorerako neurri murriztaile berrien berri eman du:
- Establezimenduak ezingo dira 01:30ak baino beranduago itxi, ezta 06:00ak baino lehen ireki ere (diskotekak barne).
- Diskoteketako edukiera % 60koa izango da, ez da dantza-pistarik egongo, eta mahaiak jarri beharko dira.
- 00:00etatik aurrera nahitaezkoa da eserita kontsumitzea, eta terraza gisa mugatutako eremuan egitea.
- Jantoki handiak dituzten ostalaritza lokaletan (hala nola sagardotegiak, garagardotegiak eta ezkontzak hartzen dituzten jatetxeak), gehieneko edukiera % 80koa izango da, mahai bakoitzean gehienez 10 pertsona egongo dira, eta metro eta erdiko tartea egongo da mahaien artean, hurbilen dauden pertsonetatik neurtuta.
Beste neurri batzuk
- Gaubeilak: 60 pertsona egon daitezke gehienez, eta edukiera % 60ra mugatu beharko da espazio itxietan.
- Ehorzketak: Gehienez 60 pertsona.
- Gazteek debekatuta izango dute lonjetan biltzea.
- Maskararen erabilera: Musukoa ez da derrigorrezkoa izango langilea bere lanpostuan eserita dagoenean, baina bai pasilloetan, bileretan eta espazio komunetan.
- Bertan behera utzi dituzte neurri espezifikoak Bergaran eta Tolosan, baina eutsi egingo diete Eibarren, Ermuan eta Zarautzen.
- Debekatuta daude eserlekuak ez dituzten erromeriak eta dantza ikuskizunak.