Gizartea -
KORONABIRUSA
Hego Euskal Herrian 204 COVID-19 kasu gehiago atzeman dituzte, horietako 93 Bizkaian
Nafarroan 66 positibo izan dira, Gipuzkoan 38 eta Araban sei. Horrez gain, EAEtik kanpo bizi den pertsona batek ere positibo eman du.
eitb.eus
Hego Euskal Herrian 204 positibo gehiago detektatu dituzten azken orduetan PCR proben bidez: 138 Euskal Autonomia Erkidegoan eta 66 Nafarroan. Kasu horietako 93 Bizkaian atzeman dituzte, 38 Gipuzkoan eta 6 Araban. Horrez gain, EAEtik kanpo bizi den pertsona batek positibo eman du azken orduetan.
Datu horiek, "oso arduratsuak izateko eta prebentzio neurriak zorrozteko gonbita" egiten dutela azpimarratu du Nekane Murga Osasun sailburuak, eta infekzio berri gehienak aisialdiari eta familia edo lagunen bilerei lotuta daudela gogorarazi du. Gaueko aisialdia mugatzearen aldeko alkate batzuen jarrerari buruz, proposamena "aztertu" egingo dutela adierazi du.
Horrez gain, gaitza atzemateko 5.135 PCR egin zituzten atzo, Osasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Zehazki, ondorengo herri hauetan atzeman dituzte koronabirus kasuak:
Gipuzkoan: Arrasate (2), Bergara (1), Deba (2), Donostia (2), Eibar (14), Errenteria (7), Getaria (1), Mendaro (1), Orio (2), Soraluze (1), Zarautz (4) eta Zumaia (1).
Bizkaian: Artzentales (1), Barakaldo (11), Basauri (1), Berango (2), Bilbo (37), Durango (1), Elorrio (1), Ermua (22), Galdakao (1), Getxo (1), Gordexola (1), Iurreta (1), Leioa (1), Loiu (1), Markina-Xemein (1), Ortuella (1), Portugalete (3), Santurtzi (2), Sestao (1) eta Trapagaran (3).
Araban: Amurrio (1), Laudio (1) eta Gasteiz (4).
Azken orduetan positibo eman duten pertsonen profilari dagokionez, 74 emakumeak dira eta 64 gizonak. Gainera, positibo eman duten gehienek 29 urte baino gutxiago dituzte. Batez ere, 20 eta 29 urte bitartean dituzte (32 kasu).
Covid-19a duten beste 24 pazientek 10 eta 19 urte bitartean dituzte, eta kutsatutako 19 euskal herritar 30 eta 39 urte bitartean. Gainera, azken orduetan atzemandako 12 kasutan gaixoek 0 eta 9 urte bitartean dituzte.
Osasun Sailak jakinarazi du, halaber, positibo eman duten 20 pertsonek 40 eta 49 urte bitartean dituztela, beste 16k 50-59 urte bitartean, seik 60-69 urte bitartean eta beste bederatzik 70 urtetik gora.
1,59 da gaurko R0 indizea (atzo 1,71 zen).
Ospitaleetako egoerari dagokionez, egun bi pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta, Osasun Sailak eguneroko prentsaurrekoan emandako datuen arabera.
Beste 66 kasu Nafarroan
Bestalde, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du 66 positibo detektatu dituztela azken orduetan erkidego horretan.
Halaber, atzo bi pertsona Iruñeko ospitalera eraman zituzten eta beste bat Tuterako erietxera.
Horrez gain, beste bost agerraldi antzeman dituzte. Guztira, 26 foku daude Nafarroan, horietako lau Iruñean.
Pandemia hasi zenetik 6.089 kutsatu izan dira Nafarroan. Gobernuak PCR testak egiten segitzen du eta atzo 1.552 burutu zituen.
Neurri murriztaileak ezarri dituzte Ermuan eta Bergaran
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak neurri murriztaileak ezarri ditu Ermuako eta Bergarako ostalaritza establezimenduetan. Neurri horiek, lehenago Gipuzkoako beste udalerri batzuetan hartu dituzte, eta behin-behinekoak dira. Izan ere, gaitza zabaltzea saihestea dute helburu, azken egunotan udalerri horietan atzemandako kasuen gorakadaren ostean.
Zarautzen, Tolosan eta Eibarren indarrean zegoen jada agindu hori, eta orain arte Ordizian ere. Alabaina, Ordiziaren "egoera epidemiologikoak hobera egin duela haintzat hartuta", herri horretan bertan behera utzi dituzte neurri murriztaile horiek.
Beraz, Ermuan, Bergaran, Zarautzen, Tolosan eta Eibarren, ostalaritza establezimenduen edukieraren muga % 50ekoa izango da, ezingo da barran kontsumitu eta beranduen 23:30ean itxi beharko da. Neurria txoko eta sozietate gastronomikoetan ere izango da aplikagarria. Gainera, ezin da jairik, berbenarik eta herri-ekitaldirik antolatu.