Gizartea -

Aniztasun sexuala

Berdindu zerbitzuak 34 LGTBIfobia salaketa jaso zituen iaz EAEn

Nabarmentzekoa da lan esparruan, sektore publikoan gainera, lesbiana izateagatik ustez lan-diskriminazioa jasan duen emakume baten salaketa.

Ekain Perrino gazteak pairatutako eraso homofoboaren kontrako manifestazioa, Basaurin. Argazkia: EFE
Ekain Perrino gazteak pairatutako eraso homofoboaren kontrako manifestazioa, Basaurin.
Ekain Perrino gazteak pairatutako eraso homofoboaren kontrako manifestazioa, Basaurin. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berdinduk, sexu aniztasunarekin lotutako gaiei buruzko informazioa eta arreta emateko Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuak, LGTBI kolektiboaren kontrako 34 eraso erregistratu zituen iaz Euskadin. Zerbitzu horrek 2021ean jaso zituen 1.000 bat kontsultarekin alderatuta, ehuneko txikia da (%3). Dena dela, aniztasun sexualaren alorrean egiteke dagoen bidearen erakusle da. 

2021eko memoriaren arabera, LGTBI+fobia kasuek behera egin zuten 2020ko lehen seihilekoko etxeko konfinamenduaz geroztik. Gehienek familiarteko gatazkekin dute zerikusia, normatiboak ez diren sexu joera/identitate horiek onartzeko dauden zailtasunengatik. Biktimaren gertuko esparruan ere izaten dira erasoak: ikastetxe, osasun zentro edo institutuetan, "non LGTBI+ gaien inguruko ezjakintasun orokor bat nabari den".

Era berean, aipagarria da emakume lesbiana batek lan esparruari lotuta aurkeztutako salaketa. Andrazkoaren arabera, bere orientazio sexualagatik diskriminatu zuten. Gertakari bereziki esanguratsua da arlo publikoan gertatu zelako.

Halaber, kasu ohikoenak ez diren arren, LGTBIfobiaren adierazpenik larrienetakoak diren eraso fisikoei ere aipamena egin die Berdinduk txostenean. Diotenez, salatzen diren erasoak gertatzen diren guztietatik zati txiki bat baino ez dira, eta artatu dituzten kasuetan "bortizkeriamaila bereziki larria" atzeman dute. Adibide gisa, Ekain Perrino gazteak pairatutako eraso homofoboa aipatu dute. Perrinori jipoia eman zioten hainbat gaztek Basaurin (Bizkaia), iazko ekainean.

Azkenik, "ehuneko txikia izan arren", hainbat emakume lesbianak jasandako "egoera lesbofobo oso zailak" nabarmendu dituzte txostenean.

Haur eta nerabe transexualak

Aholkularitza eske joandako 81 familiari egin zien arta iaz Berdinduk (2020arekin alderatuta, igo egin ziren eskaerak). Gehienek seme-alaben sexu identitate ez-normatiboek "eragindako kezka eta estutasunak" tarteko jo zuten zerbitzura. 10 kasutan, 11 urtetik azpizko umeak ziren, eta 56tan, 14-16 urteko nerabeak zituzten gurasoak.

Gainera, gehiengoak izan ez ziren arren, adingabeak protagonista zituzten "istorio benetan traumatikoak" jaso zituzten zerbitzuan, suizidio saiakerekin lotuta. Hainbat familia artatu behar izan zituzten seme-alabak suizidiotik gertuko egoeretan zeudela-eta. "Adibidez, besoetan ebakiak, botiken gehiegizko erabilera...", zehaztu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Homofobia Albisteak Matxismoa LGTBI