Gizartea -

KORONABIRUSA

Koronabirus kasuen gorakada nabarmena berriro EAEn, 241 positiborekin azken orduetan

Hain zuzen ere, positibo berrietako 155 Bizkaian atzeman dituzte, 26 Gipuzkoan eta 58 Araban. Horrez gain, azken astean bi pertsona hil dira COVID-19aren eraginez.

Maskara jarrita duten pertsona batzuk, kalean. Argazkia: EFE
Maskara jarrita duten pertsona batzuk, kalean.
Koronabirus kasuen gorakada nabarmena berriro EAEn, 241 positiborekin azken orduetan

1:23

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn, 241 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan PCR proben bidez. Kasu berrietako 155 Bizkaian atzeman dituzte, 26 Gipuzkoan eta 58 Araban. Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren bi pertsonak positibo eman dute azken orduetan.

Halaber, bi pertsona hil dira COVID-19aren eraginez azken zazpi egunetan, eta 1.629 dira jada pandemia hasi zenetik hil direnak.

Atzo, 265 PCR proba egin ziren Urdulizko Ospitalean, Erandio Goikoa batzokiko bezeroen artean egiten ari diren baheketaren harira. Oraingoz, 101 probaren emaitzak jaso dituzte, eta guztiak dira negatiboak. Gaur 273 pertsona daude deituta proba egitera.

Basurtuko Ospitalean, bestalde, agerraldi horrekin zuzenean lotutako 46 PCR proba egin zituzten; eta guztiek emaitza negatiboa izan zuten. Gainera, Fever diskotekaren fokuarekin lotutako 59 PCR proba egin zituzten, 12 emaitza positiborekin. Atzo karpan egindako gainerako probak ez daude inongo fokurekin lotuta. Gaurko 153 pertsona daude deituta.

Bestalde, gaitza atzemateko 5.359 PCR egin zituzten atzo, Osasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Zehazki, ondorengo herri hauetan atzeman dituzte koronabirus kasuak:

Gipuzkoan: Azkoitia (bat), Azpeitia (bat), Bergara (bat), Donostia (zortzi), Eibar (bat), Elgoibar (lau), Errenteria (bat), Hernani (bat), Lazkao (bi), Mutriku (bat), Oñati (bi), Urretxu (bat), Usurbil (bat) eta Zarautz (bat). 

Bizkaian: Zornotza (bat), Arrigorriaga (bat), Barakaldo (12), Basauri (zortzi), Bilbo (91), Elorrio (bat), Erandio (sei), Ermua (bat), Etxebarri (bat), Galdakao (bi), Gernika-Lumo (hiru), Getxo (bost), Gueñes (bat), Igorre (bat), Leioa (bat), Lemoa (bat), Mungia (lau), Muskiz (bat), Muxika (bat), Ondarroa (bi), Ortuella (hiru), Portugalete (zazpi) eta Sopela (bat).

Araban: Amurrio (bi), Artziniega (bi), Berantevilla (bat), Iruraitz-Gauna (bat), Laudio (bat), Leza (bat), Agurain (bi), Gasteiz (47) eta Zuia (bat).

Azken orduetan positibo eman duten pertsonen profilari dagokionez, 108 emakumeak dira eta 133 gizonak. Gainera, positibo eman duten gehienek 69 urte baino gutxiago dituzte. Batez ere, 30 eta 39 urte bitartean dituzte (50 kasu).

COVID-19a duten beste 18 pazientek 10 eta 19 urte bitartean dituzte, eta kutsatutako 39 euskal herritar 20 eta 29 urte bitartean. Gainera, azken orduetan atzemandako 23 kasutan gaixoek 0 eta 9 urte bitartean dituzte.

Osasun Sailak jakinarazi du, halaber, positibo eman duten 43 pertsonek 40 eta 49 urte bitartean dituztela, beste 29k 50-59 urte bitartean, 21ek 60-69 urte bitartean eta beste 18k 70 urtetik gora.

1,26 da gaurko R0 indizea (atzo 1,2 zen).

Ospitaleetako egoerari dagokionez, egun hiru pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta, Osasun Sailak eguneroko oharrean emandako datuen arabera.

EAEn 415.076 PCR eta 139 343 test azkar egin zaizkie 323.732 pertsonari pandemia hasi zenetik.

Egoera epidemiologikoari dagokionez, 24.582 pertsona kutsatu dira jada, 14.462 positibo negatibizatu dira eta ospitalean artatu behar izan dituzten 4.546 gaixori alta eman diete.

Lurraldeka, Bizkaian 9.525 positibo atzeman dituzte guztira pandemiaren hasieratik, Araban 3.676 eta Gipuzkoan 3.226. Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren 305 lagunek positibo eman dute.

70 kasu gehiago eta beste bi herritar ospitaleratuta, Nafarroan

Bitartean, Nafarroan, asteartean, koronabiruseko 70 kasu gehiago atzeman zituzten, eta beste bi herritar ospitaleratu (COVID-19a ospitaleratzeko arrazoi nagusia da, bi kasu horietan). Pandemiak ez du beste hildakorik utzi Nafarroan; hortaz, orain arte, 529 zendu dira koronabirusagatik.

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, kutsadura berriei erreparatuta, Iruñean eta Iruñerrian positiboen % 45 atzeman dituzte, eta % 37 Tuterako Osasun Eremuan (Erriberako zazpi Oinarrizko Gune biltzen ditu Eremu horrek). Gainerakoa Foru Erkidego osoan daude banatuta; Lizarrako Eremuak % 1 ditu.

Adinari dagokionez, kasu berrien batezbesteko adina 33,4 urtekoa da. Kasu gehienak 15-44 urte arteko tartean izan dira, % 43 hain zuzen ere.

Nafarroako ospitale-sare publikoan, COVID-19a duten 40 herritar daude; hiru zainketa intentsiboetako unitatean daude, eta beste bost etxez etxeko ospitalizazioan. Beste guztiak, 32, gela batean daude.

Denek eman dute positibo PCR proba batean, nahiz eta hori ez izan ospitaleratzeko arrazoi nagusia, Osasunbideak azaldu duenez.

Asteartean, sare publikoan, 1.498 PCR proba egin zituzten; arestian esan bezala, 70ek eman zuten positibo.

Nafarroan, guztira, pandemia hasi zenetik, koronabiruseko 7.027 kasu izan dira, asteartekoak zenbatuta.

Azken astean, Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Nafarroako Institutuaren Epidemiologia Zaintzako azken Buletinaren arabera, uztailaren 27tik abuztuaren 2ra arteko astean 415 kasu berri izan dira, hau da, aurrekoan baino % 33 gutxiago; hori bai, egunetik egunera alde nabarmenak daude. Adinari eta geografia-banaketari dagokienez, datuak eguneko datuaren antzekoak dira.

Ospitaleratu behar izan dituzten herritarren kopuruari erreparatuta, baina, gorakada izan da; izan ere, aurreko aste batzuetan atzemandako kasu batzuen bilakaera ez da egokia izan, eta, ondorioz, kasu horietako bi zainketa intentsiboetako unitatean daude.

Azken lau asteotan 1434 kasu atzeman dituzte; % 3 ospitaleratu behar izan dituzte: “Kasu gehienen jatorria zein den badakigu, eta kontrolatzen ari garen berragertzeetan daude bilduta”, dio txostenak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, berriz, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Ermua Eibar bideoak Eusko Jaurlaritza Tolosa gaur Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Zarautz berriak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Ordizia Albisteak Medikuak Getaria Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Deseskalatzea