Gizartea -

KORONABIRUSA

Koronabirus kasuen gorakada nabarmena EAEn, 204 positiborekin azken orduetan

Kasu berrietako 145 Bizkaian atzeman dituzte, 33 Gipuzkoan eta 23 Araban. Bilbon 88 kasu baieztatu dituzte azken orduetan egindako probetan.

Maskara jarrita duten pertsona batzuk, Bilbon. Argazkia: EFE
Maskara jarrita duten pertsona batzuk, Bilbon.
Maskara jarrita duten pertsona batzuk, Bilbon. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn 204 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan PCR proben bidez. Kasu berrietako 145 Bizkaian atzeman dituzte, 33 Gipuzkoan eta 23 Araban. Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren hiru pertsonak positibo eman dute azken orduetan.

Nekane Murga jarduneko Osasun sailburuak prentsaurrekoan azaldu duenez, "datu horiek ez dute alarma piztu behar, zuhurtzia eskatu baizik"; izan ere, itxura guztien arabera, koronabirusaren eragina "egonkortu" egin da Euskadin, "zifrek gaur bezalako gorabeherak erakuts dezaketen arren".

Ildo horretatik, lehen eguna da kutsatu berriak 200 baino gehiago direla alarma-egoera amaitu zenetik, baina "kontaktuen, bilaketaren eta fokuen identifikazioaren sarerik ezean, gorakada hori askoz ere nabarmenagoa izango litzateke", Murgaren arabera.

"Kasu kopurua egonkortzea garaipen bat da, eta datozen egunetan ikusiko ditugu azken asteetan hartutako neurrien ondorioak. Besteak beste, maskararen erabilera nahitaezkoa izatea, pertsonen arteko tartea edozein dela ere", adierazi du Murgak.

Murgak nabarmendu duenez,  "goiz erantzutea da jarduteko modurik eraginkorrena", eta adierazi du "argi" dagoela adineko pertsonak direla arrisku gehien dutenak. Horren harira, Barakaldoko zahar-etxe batean adineko pertsona batek positibo eman duela baieztatu ostean "goiz" jokatu dutela ziurtatu du.

Gaur egun aktibo dauden agerraldiei dagokienez, "kezka gehien” sortzen duten guneetan egoera egonkortzeko joera dagoela nabarmendu du Osasun sailburuak, "Eibarren eta Ermuan, esaterako".

Osasun sailburuak azaldu duenez, jarraipenari esker, aisialdian eta ospakizunetan jatorria duten 498 kasu atzeman dituzte azken asteetan, ez bakarrik bi udalerri horietan, baita Bergaran, Elgoibarren eta Deban ere. Dena dela, agerraldi guzti horiek "kontrolpean izatetik gertu" daude. Halaber, selektibitatearen ondorengo ospakizunekin lotuta, 158 kutsatu baieztatu dituzte, baina egoera "kontrolpean" dute jada.

Bestalde, gaitza atzemateko 4.297 PCR egin zituzten atzo, Osasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Zehazki, ondorengo herri hauetan atzeman dituzte koronabirus kasuak:

Gipuzkoan: Andoain (1), Deba (1), Donostia (12), Eibar (6), Elgoibar (1), Irun (3), Pasaia (1), Tolosa (2), Villabona (1), Zarautz (3), Zizurkil (1) eta Zumaia (1).

Bizkaian: Abanto Zierbena (2), Zornotza (2), Barakaldo (13), Basauri (2), Berango (2), Bermeo (2), Bilbo (88), Dima (1), Durango (3), Erandio (4), Ermua (5), Galdakao (3), Getxo (3), Iurreta (1), Lezama (1), Mungia (2), Plentzia (2), Portugalete (4), Santurtzi (1), Sestao (3) eta Urduliz (1).

Araban: Gasteiz (23).

Azken orduetan positibo eman duten pertsonen profilari dagokionez, 100 emakumeak dira eta 104 gizonak. Gainera, positibo eman duten gehienek 49 urte baino gutxiago dituzte. Batez ere, 30 eta 39 urte bitartean dituzte (48 kasu).

Covid-19a duten beste 23 pazientek 10 eta 19 urte bitartean dituzte, eta kutsatutako 45 euskal herritar 20 eta 29 urte bitartean. Gainera, azken orduetan atzemandako 13 kasutan gaixoek 0 eta 9 urte bitartean dituzte.

Osasun Sailak jakinarazi du, halaber, positibo eman duten 25 pertsonek 40 eta 49 urte bitartean dituztela, beste 19k 50-59 urte bitartean, 12k 60-69 urte bitartean eta beste 19k 70 urtetik gora.

1,12 da gaurko R0 indizea (atzo 1,06 zen).

Ospitaleetako egoerari dagokionez, egun bost pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta, Osasun Sailak eguneroko prentsa oharrean emandako datuen arabera.

Zahar-etxeek haien bisiten politikari ekin ahalko diote berriro

Bestalde, EAEko zahar-etxeek haien bisiten politikari ekin ahal izango diote berriro; hau da, egoiliarrek bi pertsonen bisita jaso ahal izango dute bisita berean.

Hala adostu zuten Osasun Sailak eta hiru foru aldundiek atzo egindako bileran, eta bertan aztertu zituzten esparru horretan gaitza zabaltzea saihesteko uztailaren 18an hartutako prebentzio-neurriak.

Nolanahi ere,  egoiliarrek ezin izango dute, oraingoz behintzat, zentro soziosanitariotik irten.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, berriz, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Ermua Eibar bideoak Eusko Jaurlaritza Tolosa gaur Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Zarautz berriak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Ordizia Albisteak Medikuak Getaria Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Deseskalatzea