Gizartea -
KORONABIRUSA
127 koronabirus kasu gehiago zenbatu dira Hego Euskal Herrian azken orduetan
EAEn 68 kasu gehiago baieztatu dira, eta Nafarroan 59 positibo berri. Gainera, Nafarroan lau agerraldi berri atzeman dituzte azken orduetan.
eitb.eus
EAEn, 68 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan PCR proben bidez. Kasu berrietako 35 Gipuzkoan atzeman dituzte, 26 Bizkaian eta lau Araban. Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren hiru pertsonak positibo eman dute azken orduetan.
Azken orduetan positibo eman duten pertsonen profilari dagokionez, 38 emakumezkoak eta 30 gizonezkoak dira. Gainera, positibo eman duten gehienek 39 urte baino gutxiago dituzte. Batez ere, 10 eta 19 urte bitartean dituzte (18 kasu).
COVID-19 duten beste 13 gaixok 30 eta 39 urte bitartean dituzte, eta kutsatutako 12 euskal herritar 20 eta 29 urte bitartean. Gainera, azken orduetan atzemandako hiru kasutan gaixoek 0 eta 9 urte bitartean dituzte.
Osasun Sailak jakitera eman duenez, 80 eta 89 urte bitarteko pertsona bat eta 60 eta 69 urte bitarteko beste lau pertsona kutsatu dira.
Guztira, 5.614 proba egin dituzte azken orduetan eta positiboak atzeman dituzte herri hauetan:
Gipuzkoan: Andoain (bat), Azpeitia (bat), Donostia (hiru), Eibar (10), Elgoibar (hiru), Errenteria (bat), Hernani (bi), Hondarribia (bat), Ibarra (bat), Irun (bat), Legazpi (bi), Oñati (bat), Tolosa (hiru) eta Zarautz (bost).
Bizkaian: Abadiño (bat), Arrigorriaga (bat), Barakaldo (bat), Basauri (hiru), Berango (bat), Bilbo (12), Ermua (bi), Leioa (bat), Santurtzi (bat), Sestao (bat), Sopela (bat) eta Trapagaran (bat).
Araban: Iruña Oka (bat) eta Gasteiz (lau).
1,48 da gaurko R0 indizea (atzo 1,54 zen).
Ospitaleetako egoerari dagokionez, egun bi pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta, Osasun Sailak eguneroko prentsaurrekoan emandako datuen arabera.
Lau agerraldi berri atzeman dituzte Nafarroan
Nafarroan, berriz, 59 kasu gehiago eta lau agerraldi berri atzeman dituzte azken orduetan. Koronabirus agerraldi horiei dagokienez, hiru Iruñerrian eta bat Erdialdean atzeman dituzte.
Santos Indurain Osasun kontseilariak eguerdian eskainitako prentsaurrekoan azaldu duenez, horietako agerraldi batekin lotuta 22 kasu berri baieztatu dituzte azken orduetan, eta "bizitza sozialarekin eta gaueko aisialdiarekin dauka zerikusia". Guztira, 36 kasu atzeman dituzte foku horrekin lotuta.
Tuterako ezkontzaren inguruko agerraldiari dagokionez, bi kasu gehiago atzeman dituzte azken orduetan. Hala, agerraldi horrekin lotuta 39 pertsona kutsatu dira guztira (44 herritar dira guztira, beste autonomia erkidegoetan atzemandakoak gehituz gero).
Iruñeko agerraldian positibo eman dutenek, batez beste, 18 eta 22 urte bitartean dituzte, eta horrek erakusten du gaixoen adina nabarmen jaitsi dela; hala, azken astean, 3 positibotik 2k 30 urte baino gutxiago dituzte, eta % 62 gizonezkoak dira. Kasuen % 78 Iruñerrian atzeman dituzte.
Testuinguru horretan, detekzio goiztiarra funtsezkoa da, kontseilariak azpimarratu duenez. Hori dela eta, azken egunetan 3.361 PCR proba egin dituzte (atzo 1.145, eta pandemiaren hasieratik 94.671). Horien artean, Zarauzko kanpinarekin zerikusia duten pertsonei egindakoak daude.