Gizartea -
Koronabirusa
EAEn ostalaritza itxi behar duten udalerrien zerrendara batu da Azkoitia
Guztira, 13 udalerrik ezin izango dituzte ostalaritzako establezimenduak ireki, covid-19aren pandemiaren bilakaera dela eta. Eskoriatza da zerrenda horretatik atera den udalerri bakarra.
A.S. | EiTB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko 13 udalerritako (Gipuzkoako 8, Arabako 4 eta Bizkaiko bat) ostalaritzako establezimenduek ezin izango dituzte ateak ireki, covid-19aren pandemiaren bilakaera dela eta.
Osasun Sailak ostegun honetan jakitera eman duen ebazpen baten arabera, 100.000 biztanleko 500 kasutik gora dituzten 5.000 biztanletik gorako udalerriak ondorengoak dira: Aretxabaleta, Azpeitia, Azkoitia, Beasain, Arrasate, Ordizia eta Arrigorriaga. Herri horiek ezin izango dituzte tabernak eta jatetxeak ireki.
Gauzak horrela, Azkoitia da koronabirusaren ondorioz establezimenduak itxita dituzten udalerrien zerrendara batzen den bakarra; beraz, itxi egin beharko ditu tabernak eta ostalaritzako establezimenduak. Ildo horretan, Eskoriatzak zerrenda horretatik ateratzea lortu du, azken egunetako datuak hobetu baititu.
Bestalde, Aramaion, Iruña Okan, Zigoitian eta Zuian (Araban) eta Zaldibian eta Seguran (Gipuzkoan) ostalaritza ez irekitzea erabaki du Osasun Sailak. Kasu honetan, 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriak diren arren, Gotzone Sagarduik zuzentzen duen sailak uste du bertako egoera epidemiologikoak tabernak eta jatetxeak ez irekitzea eskatzen duela.
Hala eta guztiz ere, astelehenero eta ostegunero ebazpen berri bat argitaratuko dute, 12 udalerri horietan pandemiak izan duen bilakaera ezagutarazteko, eta, horrenbestez, tabernak irekitzeko debekua kendu dieten ala ez jakinarazteko.