Gizartea -
Koronabirusa
Arrigorriagak ostalaritza itxi beharko du berriro, positibo kopuruak gora egin baitu
Gipuzkoako Eskoriatzak ere itxitako establezimenduen zerrendarekin bat egin du.
A.S. | EiTB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko 13 udalerritako (Gipuzkoako 8, Arabako 4 eta Bizkaiko 1) ostalaritzako establezimenduek ezin izango dituzte ateak ireki, COVID-19aren pandemiaren bilakaera dela eta.
Eskoriatzak, Gipuzkoan eta Arrigorriagak Bizkaian, tabernak eta jatetxeak itxi beharko dituzte bihartik aurrera. Arrigorriagak iragan ostegunean lortu zuen zerrendatik ateratzea, baina datu txarren ostean, berriz ere ostalaritza itxi beharko du.
Osasun Sailak astelehen honetan jakitera eman duen ebazpen baten arabera, 100.000 biztanleko 500 kasutik gora dituzten 5.000 biztanletik gorako udalerriak ondorengoak dira: Aretxabaleta, Azpeitia, Beasain, Arrasate, Ordizia eta Arrigorriaga. Herri horiek ezin izango dituzte tabernak eta jatetxeak ireki.
Bestalde, Aramaion, Iruña Okan, Zigoitian eta Zuian (Araban) eta Zaldibian, Seguran eta Eskoriatzan (Gipuzkoan) ostalaritza ez irekitzea erabaki du Osasun Sailak. Kasu honetan, 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriak dira, baina Gotzone Sagarduik zuzentzen duen sailak uste du egoera epidemiologikoak horietan tabernak eta jatetxeak ez irekitzea eskatzen duela.
Hala eta guztiz ere, astelehenero eta ostegunero ebazpen berri bat argitaratuko dute, 12 udalerri horietan pandemiak izan duen bilakaera ezagutarazteko, eta, horrenbestez, tabernak irekitzeko debekua kendu dieten ala ez jakinarazteko.