Gizartea -

Koronabirusa

% 3,9ra jaitsi da positibitate tasa Nafarroan eta % 5,3ra Euskal Autonomia Erkidegoan

105 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan Nafarroan eta 618 EAEn: 73 Araban, 309 Bizkaian eta 233 Gipuzkoan.

Jendea ilaran zain, PCR bat egiteko. Argazkia: EFE
Jendea ilaran zain, PCR bat egiteko.
% 5,3ra jaitsi da positibitate tasa Euskal Autonomia Erkidegoan

1:9

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19aren 11.603 proba diagnostiko egin zituzten atzo Euskal Autonomia Erkidegoan eta, horietatik, 618k positibo eman zuten (% 5,3), Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez.

Lurraldeka, 73 kasu berri atzeman dira Araban, 309 Bizkaian, 233 Gipuzkoan eta 3 beste autonomia erkidego batzuetako pertsonengan.

Ospitaleen egoerari dagokionez, 47 pertsona ospitaleratu zituzten atzo EAEko ospitaleetan COVID-19agatik, eta 130 pertsona daude une honetan Zaintza Berezien Unitatean gaitza dela eta.

Udalerriei buruzko informazioa eta R0 indizea ez dira astelehenera arte eguneratuko.

Gainera, Bizkaiko adinekoen egoitza-sareko bi erabiltzaile hil dira azken 48 orduetan COVID-19arekin, eta pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik 101 dira hildakoak jada. Halaber, gaur egun 172 egoiliar daude kutsatuta.

Bestalde, COVID-19 kasuak berriro jaitsi dira Nafarroako Foru Erkidegoan, 105era arte, aurreko bi egunetan zertxobait igo ostean, Nafarroako Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.

Ostiralean 2.688 PCR eta antigeno proba egin ziren (1.252 PCR eta 1.436 test antigeno), eta horietatik % 3,9 positiboak izan ziren. Beraz, positibotasun-ehunekoa ere jaitsi egin da berriro, eta OMEk gomendatzen duen % 5etik behera geratu da.

Gainera, atzo bi pertsona hil ziren: 83 eta 35 urteko bi gizon, eta aurreko egunetan beste hiru heriotza izan zirela jakinarazi zuten: 91 eta 88 urteko bi emakumerenak eta 66 urteko gizon batena. Arrazoi horrek eragindako heriotzen kopuru osoa, beraz, 870eko da Nafarroan.

Eremuka, Iruñean eta eskualdean atzeman dituzte positibo berrien % 59, Tuteran % 15 eta Lizarran % 18. Gainerako positiboak (% 8) Nafarroako beste eremu batzuetan banatu ziren.

Adin-tarteen arabera, kasu berri gehien 15 urtetik beherakoen artean atzeman dituzte (% 25); ondoren, 45 eta 59 urte bitartekoen artean (% 23); eta, hirugarrenik, 15 eta 29 urte artekoen artean (% 22). Ondoren, 30-44 urteko taldea % 16koa izan da; 60-75 urteko taldea, % 11koa; azkenik, 75 urtetik gorakoen taldea, % 3koa.

Ospitaleen ikuspegitik, 177 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino 11 gutxiago), horietako 37 ZIUn daude (atzo baino hiru gutxiago) eta beste 14 etxean ospitaleratuta (atzo bezala). Gainerakoak, 126 paziente, plantan daude.

Koronabirusaren bigarren olatua geldiarazteko hilabete baino gehiagoko neurri gogorren ostean, aste honetan hasi dira neurriak malgutzen Nafarroan. Ostegunetik terrazak irekita daude, eta adinekoen egoitzetan bisitak baimendu dituzte.

Dena dela, Nafarroako Gobernuak konfinamendu perimetralari eusten dio, baita etxeratze-aginduari eta eremu publikoan 6 pertsonara arteko bilera mugari ere (eremu pribatuan, elkarbizitza unitatea bakarrik bil daiteke).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Viana Burlata Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuntza albisteak Medikuak Koronabirusa Alarma egoera Osasunbidea