Ekonomia -

U30eko greba orokorra

19 pertsona atxilotu dituzte greba orokorraren protestetan

Donostian, Zornotzan, Ermuan, Huarten eta Iruñean atxilotu dituzte, desordena publikoak egotzita.

U30eko greba deialdiarekin bat egin duten manifestari batzuk, Zamudion. Argazkia: @ELAsindikatua
U30eko greba deialdiarekin bat egin duten manifestari batzuk, Zamudion.
Ordu laurdenez Bilboko San Mameseko sarbideak moztu dituzte manifestariek

2:15

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira 11 pertsona atxilotu dituzte ostegun honetan, greba orokorraren harira hainbat lekutan egin diren protestekin lotuta. Burlatan, LAB sindikatuko lau kide atxilotu dituzte, Areta industrialderako sarbidea oztopatzeagatik, hormigoizko bidoietan kateatuta. Beste sei lagun atxilotu dituzte Donostian, Iruñean,  Ermuan eta Zornotzan.

Testuinguru horretan, bi pertsona atxilotu dituzte bart Donostian, bi banketxetako kutxazainetan kalteak egin eta greba orokorrari babesa adierazteko dei eginez pintaketak egitea leporatuta.

Horrez gain, pertsona bat atxilotu dute Ermuan (Bizkaia), udaltzain bati eraso egitea egotzita. Gainera, atxilotuarekin zihoazen beste bi pertsona identifikatu dituzte, pintaketak egiteko tresnak zeramatzatelako aldean.

Zornotzan (Bizkaia), bi manifestari atxilotu dute, Boroako industrialdean barrikadak jarri ostean, desordena publikoak egitea leporatuta.

Iruñeko Donibane auzoan ere pikete bat atxilotu du Espainiako Poliziak.

La Morea merkataritza-gunearen inguruan, Cordovillan (Nafarroa), pertsona bat atxilotu dute guardia zibil bati erasotzeagatik. Gainera, pikete bateko zortzi kide atxilotu dituzte bezeroei sarrera eragozteagatik.

Bestalde, 00:30 aldera, lanuzteekin bat egiteko gonbita eginez Bilboko kaleetan kalejira egiten ari ziren bi laguni piroteknia-materiala atzeman diete, eta espedientea ireki diete, Herritarren Segurtasunerako Legea baliatuta.

Arrasaten, ezezagun batzuek kutxazain bat gasolinaz busti dute eta su eman diote.

Istilu bakanak

Bilbon, lehen orduan, dozenaka manifestarik eserialdia egin dute San Mameseko sarbidean, eta, ondorioz, minutu batzuetan itxita egon da. Ertzaintzak dispositibo zabala jarri du abian, eta espaloira igotzeko agindu die manifestariei. Ondorioz, errepidea libre geratu da eta zirkulazioa bere onera itzuli da. Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, baina, San Mamesetik sartzen ziren autoak Gurtubay kalerantz bideratu dituzte. Juan de Garay eta Errekaldeko zubitik Bibora sartzeko bideak ere itxi dituzte lehen orduan. Alabaina, horiek ez dira izan Bizkaiko hiriburuan jazo diren gorabehera bakarrak. Izan ere, edukiontziak erre dituzte hainbat tokitan.

20:15 inguruan, edukiontziak gurutzatu dituzte eta su eman diote horietako bati. Suhiltzaileek itzali behar izan dute. 21:00ak inguruan, objektuak jaurti dizkiete Plaza Barriko ostalariei, baina ez dute inor zauritu.

Bizkaiko beste leku batzuetan ere gorabeherak izan dira goizean, eta ibilgailu-karabanek zirkulazioa moteldu dute A-8 autobidean (Ortuella eta Bilbo artean), BI-604 errepidean (Erandio eta Enekuri artean) eta BI-637 errepidean (Leioa eta Bilbo artean). Egoera bere onera etorri da 08:15ean, baina ilarak sortu dira Larreagaburuko zubiaren inguruan, BI-631 errepideko sarbidean (A-8 autobidea) egindako manifestazio baten ondorioz.

BI-635 errepidea ere itxita egon da, Orozkon, edukiontzi batzuk erre dituztelako goizaldean, eta EAEko beste toki batzuetan ere gurutzatu dituzte edukiontziak.

Bestalde, Bilboko Metroan ere izan du eragina greba orokorrak, eta Urduliz eta Plentzia arteko zerbitzua etenda egon da minutu batzuetan, piketeek trenbidera kate bat jaurti ostean.

Gainera, 07:45 aldera, Bilboko tranbia zerbitzua eten da, Euskalduna Jauregiaren eta Casilla plazaren artean, Basurtuko Ospitalearen inguruan pilatu den jendetza dela eta. Horrez gain, Pio Baroja plazaren eta Arriaga Antzokiaren arteko zerbitzua ere bertan behera egon da 10:30 aldera.

Gasteizko Udaltzaingoak bi pertsona identifikatu ditu, zirkulazioa etetea leporatuta. Gainera, istilu txikiren bat izan da erdigunean, udaltzainak edukiontziak irauli dituen talde bat identifikatzen saiatu direnean. Izan ere, manifestariek inguratu egin dituzte, eta agenteek laguntza eskatu behar izan diote Ertzaintzari horiek sakabanatzeko.

Gainera, tranbia zerbitzua bertan behera geratu da Antso Jakitunaren eta Angulema kaleen artean manifestazioen ondorioz.

Berrizen, piketeek pinu bat moztu dute 05:45ean, eta Euskotrenen katenariaren gainera erori da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez. Ondorioz, Berriz eta Zumaia arteko zerbitzua eten dute, bi noranzkoetan. Dena den, Euskotrenek autobusez eman du bi udalerri horien arteko zerbitzua.

Hendaiako eta Ficobako (Irun, Gipuzkoa) geltokien arteko Euskotrenen zerbitzua 09:30 aldera berrezarri dute, bi orduz etenda egon ostean. Izan ere, manifestari batzuek greba orokorraren aldeko eserialdia egin dute bidean. Protesta horrek atzerapenak eragin ditu zerbitzuan.

Bideoa | Hendaia eta Ficoba arteko Topoa bi orduz eten dute manifestariek:

Hendaia eta Ficoba arteko Topoa bi orduz moztu dute manifestariek
Hendaia eta Ficoba arteko Topoa bi orduz moztu dute manifestariek
Hendaia eta Ficoba arteko Topoa bi orduz moztu dute manifestariek

0:49
Manifestazioa deitu dutenek "lan-baldintzak duintzen lagundu dezaketen neurri zehatzak" eskatu dizkiete agintariei.

Nafarroan, N-1 errepideko tunelak itxi dituzte goizean, Altsasu eta Etzegarate artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Amurrio Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Bilbo erdialdeko sarbidea Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Gasteiz Guardia Zumaia Oiartzun Albisteak Euskotren Manifestazioak Bilbobus Berriz