Politika -

Frankismo garaiko krimenak

Martin Villak ukatu egin du aurkari politikoa desagerrarazteko "plan sistematiko eta orokor" bat egon zenik

Ministro frankista ohiak aitortu du 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren "erantzule politiko eta penala" izan litekeela. EH Bilduk Rodolfo Martin Villaren agerraldia eskatu du Kongresuan, adierazpen hori "oso larria" dela iritzita.

Martin Villa. Argazkia: EFE
Martin Villa
Martin Villa: ''Heriotza horien erantzule politikoa eta penala izan naiteke''

0:27

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Martin Villa ministro ohiak ukatu egin du astelehen honetan Espainiako Trantsizioan "plan sistematiko, deliberatu eta orokortu" bat egon zenik, eta Argentinan gizateriaren aurkako delituengatik auzipetu zuen kereila "ikuskizun kafkiarra" izan zela nabarmendu du.

Hala adierazi du Barne ministro ohiak froga faltak argudiatuta Argentinako Auzitegiak abenduan bera auzipetzeko prozesua bertan behera utzi ostean egindako lehen hitzaldia.

"Ni izan ninteke — esan du ironiaz — arduradun politikoa, baita heriotza horien erantzule penala ere. Baita eromen-une batean egile materiala. Dena dela, ez da egia ni gobernu demokratiko baten aldeko herritarrak izutzeko plan bat sortu zuen gobernuko kide izatea", esan du.

Martin Villaren arabera, demokraziako lehen gobernuetako buruzagiek "garai hartako pertsonarik adierazgarrienak" desagerrarazten zituztela esatea "gezurra da". "Ez du zentzurik kereilan hitz hori erabiltzeak, trantsizioak etsairik izan bazuen hori terrorismoa izan baitzen", gaineratu du.

Frankismoko krimenengatiko auzia ez da oraingoz artxibatu. Ministro frankista Maria Servini epaileak auzipetu zuen, besteak beste, Gasteizen 1976ko martxoaren 3an izandako sarraskiagatik eta 1978ko sanferminetan German Rodríguez hiltzeagatik.

EH Bilduk Martin Villaren agerraldia eskatu du

Bestalde, EH Bilduk oso larritzat jo ditu Rodolfo Martin Villak publikoki aitortu izana 70eko hamarkadan izan ziren krimenen eta torturaren "arduradun politikoa eta penala" izan daitekeela, eta, ondorioz, haren agerraldia eskatu du Kongresuan azalpenak eman ditzan.

Halaber, Felix Bolaños Memoria Demokratikoko ministroaren agerraldia ere galdegin du, adierazpen horien aurrean Espainiako Gobernuak zein neurri politiko eta juridiko hartuko dituen azaltzeko.

Ezkerreko indar subiranistak Martin Villak 70eko hamarkadako "krimen larrietan eta giza eskubideen urraketetan izandako parte hartze eta inplikazio zuzena" ezagutu nahi du, tartean dira 1976ko martxoaren 3ko sarraskia eta German Rodriguez hilketa 78ko sanferminetan.

Bel Pozueta EH Bilduren Nafarroako diputatuak eta Iñaki Ruiz de Pinedo Arabako diputatuak sinatutako eskaerak bi helburu nagusi ditu: "gertakari horiek behingoz argitzea eta Trantsizioaren testuinguruan gertatutako hilketen erantzule zuzenek duten inpunitatearekin amaitzea".

"German Rodriguezen hilketa eta Martxoaren 3ko sarraskia haren agintaldian zehar gertatu ziren. Martin Villak orain lasaitasun horrekin hitz egiteak agerian uzten du zigorgabetasunak justizia garaitu zuela eta ez zela benetako hausturarik izan frankismoarekin", salatu du Pozueta diputatuak.

"Gaur inoiz baino gehiago ahaztutako biktimentzat egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko eguna da", erantsi du.

"Trantsizio 'eredugarria' justifikatzeko eta haien irudia garbitzeko ahaleginen aurrean, ez dugu onartuko biktimak ahanzturara eta zigorgabetasunera kondenatzea. Martin Villaren hitzek euskal herritarrek eta biktimek aspalditik zekitena berresten dute", gaineratu du Ruiz de Pinedok.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Maria Servini albisteak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Frankismoa Polizia abusuen kasuak Gerra Zibileko biktimak Giza eskubideak gaur