Politika -

EAE-KO HAUTESKUNDEAK

Urkulluk gaur jakinaraziko du EAEko hauteskundeen data

Alderdi politikoen iritziak entzun ondoren, ziurrenik uztailaren 12rako deituko ditu lehendakariak hauteskunde autonomikoak.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: Irekia
Iñigo Urkullu lehendakaria.
Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: Irekia

Agentziak | Erredkazioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren ezohiko bilera deitu du astelehen honetarako, 13:00etan, eta, ondoren, 15:00ak aldera, agerraldia egingo du kazetarien aurrean, ziurrenik hauteskunde autonomikoak uztailaren 12rako deituko dituela jakinarazteko. Agerraldia zuzenean jarraitu ahalko da eitb.eus-en, hemen.

Bi hitzordu horiek 09:30ean jakinarazi ditu Jaurlaritzak, eta horrek pentsarazten du hauteskunde autonomikoak uztailaren 12rako deituko dituela Urkulluk, maiatzaren 14an Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoen iritziak entzun ondoren. Baldintza hori martxoaren 17ko dekretuan ezarri zuen lehendakariak, eta, dekretu horren bidez, bertan behera utzi zituen apirilaren 5erako aurreikusitako hauteskundeak, koronabirusaren agerraldia dela eta.

Alderdi politikoekin egindako bilera horren ostean, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos hauteskundeak uztailean egitearen kontra agertu ziren. Gainerako alderdiek ez zuten trabarik jarri, betiere "berme sanitario eta demokratikoekin" egitea baldintza gisa jarrita. Testuinguru horretan, badirudi lehendakariak uztailaren 12rako edo 19rako deituko dituela gaur hauteskundeak, osasun adituek uste baitute koronabirusa hedatzeko arrisku gutxiago egongo dela data horietan.

Horrez gain, Euskadin pandemiaren beheranzko joera izan behar da kontuan; izan ere, horrela jarraituz gero, deseskalatze prozesuan aurreikusitako faseetan aurrera egiteko aukera egongo da (hilaren 25ean 2 fasera igarotzeko aukera dago, okerrik ezean), eta horrek mesede egingo dio hauteskundeak udan egiteko asmoari. Eusko Jaurlaritza, gainera, segurtasun-neurriak nola bermatu aztertzen ari da, eta botoa emateko aukera erraztu nahi die herritarrei, batez ere adinekoei eta arrisku taldeetakoei.

Halaber, EAEko hauteskundeak udan egiteko data zehazteaz gain, udaren ostean (irailean edo urrian) beste data bat aurreikusteko aukera proposatu zuten zerbitzu juridikoek, pandemiaren bilakaeraren ondorioz hauteskundeak lehenengo datan ezin badira egin beste aukera bat izateko prest.

Horrela, legegintzaldia amaitzen den epemugara (urriaren 25a) ez iristeko denbora nahikoa egongo litzateke, epe horretatik aurrera lege-hutsunea egongo litzatekeelako. Dena dela, egoera hori Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak aztertu beharko luke.

Hauteskundeak uztailaren 12an

Hauteskundeak uztailaren 12an egin ahal izateko, lehendakariak astelehen honetan deitu behar ditu hauteskundeak, beranduenez, eta Eusko Jaurlaritzaren ezohiko bileran erabaki horren berri eman.

Horrela, hauteskundeen dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko da astearte honetan, maiatzak 19, legeak ezartzen dituen 54 egunak igaro daitezen hauteskundeak egin aurretik.

Hala izanez gero, alderdi politikoek ekainaren 3tik 8ra bitartean aurkeztu beharko dituzte hautagaitzak, eta ekainaren 10ean argitaratuko dira EHAAn. Hautagaien behin betiko izendapena, prozesuan sortu daitezkeen irregulartasunak zuzendu ostean, ekainaren 15ean egingo da, eta 16an argitaratuko dira buletinean. Maiatzaren 20tik uztailaren 2ra bitartean, posta bidezko botoa eskatzeko aukera egongo da, eta hauteskunde-kanpaina ekainaren 26an abiatuko da (aldaketarik ez badago, aste batera laburtzea aztertzen ari dira).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bilbo Donostia Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra EAEko hauteskundeak Alderdi politikoak Gaixotasunak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Hautagaiak Euskadiko Ciudadanos Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Osasun albisteak Hauteskundeak Koronabirusa Euskal Autonomia Erkidegoko emaitzak Deseskalatzea