Gizartea -
koronabirusa
Indarrean da Euskadiko lokal eta establezimendu guztien edukiera-muga % 35era murrizten duen neurria
Kutsatzeen kopuruak goranzko joeran jarraitzen du Euskadin, eta inoizko positibo daturik altuena zenbatu da astebetean, uztailaren 19a eta 25a bitarteko astean 10.321 kasu atzeman baitira.
EITB Media
Astelehen honetatik aurrera (uztailak 26), indarrean da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lokal eta establezimendu guztietan baimendutako gehieneko edukiera-muga % 35era murriztea dakarren neurri murriztaile berria, tartean ostalaritzan.
Dena dela, murrizketa berriak ezarri aurretik edukiera gehiago kontratatuta edo erreserbatuta zuten zerbitzu eta jarduerei ez zaie neurri hau aplikatuko, kasu horietan aurreko araudiari eutsiko baitiote. Alabaina, lokal eta instalazio guztiak etengabe aireztatu beharko direla jasotzen du lehendakariak sinatutako dekretuak.
Hala, jatetxe eta ostalaritza establezimenduetan % 35eko edukiera ezartzen da barnealdeetan, eta debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Barnealdean zein terrazetan, gehienez ere sei pertsona bil daitezke mahai edo multzo bakoitzean (bizikideen kasuan izan ezik). Gainera, lau lagunentzako mahaietan ezingo da bezero-kopuru handiagoa jarri, ezta seikoetan ere.
Halaber, jarduera sozialetan, ekintza kulturaletan eta kirol ekitaldietan bil daitezkeen pertsonen kopurua ere gehiago mugatu dute. Ildo horretatik, 1.600 pertsona hartzeko edukiera duten tokietan, 400 sartu ahalko dira barrualdean, eta 600, kanpoaldean.
Edukiera 1.600 eta 5.000 pertsona artekoa bada, berriz, 600 ikusle sartu ahalko dira barrualdean, eta 800, kanpoaldean. 5.000 lagunetik gorako eremuetan, aldiz, gehienezko edukiera % 20koa izango da. Antolatzailerik gabeko pertsonen edozein topaketatan, 1,5 metroko segurtasun-tartea errespetatu beharko da.
LABIren azken bileran onartutako neurrietako bat da hori, koronabirusak eragindako pandemiari aurre egiteko; izan ere, kutsatzeen kopuruak gora egiten jarraitzen du Euskadin, eta aste honetan inoizko daturik altuena zenbatu da, uztailaren 19a eta 25a bitarteko astean 10.321 kasu atzeman baitira.
Pandemia hasi zenetik astebetean inoiz pilatu den positibo kopururik altuena da, hamaika egunez jarraian egunero mila kasu baino gehiago baieztatu ondoren. Azken orduetan, 1.206 kasu atzeman dituzte (erdiak baino gehiago Bizkaian). Gainera, positibotasun-tasak gora egiten jarraitzen du (% 14,1), eta zainketa intentsiboetako unitateetako asistentzia-presioak % 61 egin du gora astebetean.
Gaur egun, EAEko ospitaleetan larri dauden gaixoen artean, lautik bat covid-19agatik ospitaleratu dute. Azken orduetan, 34 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte gela arruntetan, bezperan baino 27 gutxiago, baina ZIUetan gaixoen kopuruak gora egiten jarraitzen du (igandean 55 izan ziren, bezperan baino hiru gehiago).
LABIren bileran, larunbatean indarrean sartu ziren beste neurri batzuk adostu ziren, hala nola, maskara hirigunetan nahitaez erabiltzea edo ostalaritza eta gainerako jarduera ekonomiko guztiak ixteko ordutegia 01:00era aurreratzea.
Horrez gain, nork bere borondatez betetzeko hainbat gomendio aipatzen dira dekretuan: 01:00etik 06:00etara etxean geratzea; taldean sei pertsona baino gehiago ez biltzea; eta covid-19aren sintomak izanez gero, etxean konfinatzea eta Osakidetzarekin harremanetan jartzea.
AstraZenecaren azken txertaketak
Bestalde, 60 eta 69 urte bitarteko pertsonei AstraZenecaren bigarren dosia ematen amaitu dute asteburu honetan. Guztira, 95.000 pertsonari jarri zaie bigarren dosi hori Euskadin, pauta osoa betetzeko.