Gizartea -

Alarma egoera

Tabernak berriro ireki dituzte EAEn, hainbat baldintzarekin

Nafarroan terrazak zabalik ditu ostalaritzak, eta Gobernuak ostegunetik aurrera barruan ere % 30eko edukiera baimentzea proposatu du. Iparraldean itxita jarraituko dute urtarrilaren 20ra arte.

Bilboko taberna bat, zabalik. Argazkia: Asier Sanchez | ETB
Bilboko taberna bat, zabalik.
Giro lasaia izan da EAEko tabernen irekieraren lehen goizean

1:17

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hilabete luzez itxita egon eta gero, gaurtik aurrera, larunbata, ostalaritzak berriro ateak irekita ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Terrazak % 100ean zabaldu ahal dituzte eta taberna eta jatetxe barruan % 50eko edukiera baimendu da. Barran eta zutik kontsumitzea debekatuta dago.

Horrez gain, taberna barruan maskara erabiltzea derrigorrezkoa da, eta kontsumitzeko unean soilik kendu ahalko da.

Bestalde, tabernak eta jatetxeak 20:00etarako itxita egon beharko dira, baina 21:00ak arte eskariak jasotzeko aukera dute eta janaria etxera eramateko ordutegia 22:00etan amaituko da.  

Alabaina, establezimendua irekitzeko baldintza bat jarri du Eusko Jaurlaritzak: udalerria zona gorrian ez egotea, hau da, 100.000 biztanleko 500 kasu positibo baino gutxiagoko tasa izatea.

Irizpide hori, baina, 5.000 biztanletik gorako herri eta hirietan ezarri dute, eta 5.000 biztanle baino gutxiagoko herriei dagokienez, kasuz kasu aztertuko dute osasun egoera eta pandemiaren bilakaera arabera erabakiko dute tabernak eta jatetxeak irekitzeko baimena ematea edo ez; izan ere, herri txiki batean positibo bat edo bi izatea nahikoa izan daiteke kutsatzeen indizea 500dik gora kokatzeko. Osasun Sailak astelehen eta ostegun guztietan emango du herri txiki horiei buruzko informazioa.  

Lehendabiziko txostena ostiral honetan argitaratu du Osasun Sailak, eta bederatzi udalerrietako establezimenduek ezingo dituzte ateak ireki gaur. Hauek dira osasun egoera larrian dauden herri txikiak: Aramaio, Iruña Oka, Erriberabeitia eta Zuia (Araba); Arrigorriaga eta Ermua (Bizkaia); eta Arrasate, Eibar eta Ordizia (Gipuzkoa).

Gauzak horrela, Aitor Rupereze Ermuko ostalari eta merkatarien elkarteko presidenteak esan du tabernariak "haserre" eta "etsituta" daudela.  

"Taberna bat ez da irekitzen atea zabalduta eta bezeroak barrura sartu. Aurrez, dena prestatu behar da. Lokalak garbitu ditugu, makinak prestatu ditugu, edariak eta elikagaiak eskatu ditugu, langileak lan-erregulaziotik ateratzeko tramiteak egin ditugu eta orain, ezustean, ezin dugula ireki esan digute", deitoratu du.

Boulevard, Donostian.

Donostian, gehienbat hutsik agertu dira terrazak. Argazkia: Eneritz Gorrotxategi | Euskadi Irratia

Bestalde, Gasteizko Alde Zaharreko Aiztogile kaleko tabernariek larunbatea ez irekitzea eta astelehenera arte itxarotea erabaki dute, "arduraz jokatuta".

"Larunbatean irekitzeko moduan ez gaude eta jendetza etorriko dela uste dugu; nahiago dugu lasaitasunez ireki eta jendea neurrietara egokitzeko denbora eman", adierazi du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean Roberto Calvo Maki Txistuko tabernariak.

"Bezeroak lasai etortzea nahi dugu, tabernez gozatu dezatela nahi dugu, baina gure kaleari eta sektoreari kalte egin diezaiokeen irudi txarrak saihestu nahi ditugu", erantsi du.

Donostiako Gandarias Jatetxea, esaterako, ilusioz eta urduri ireki dute berriz.

Ilusioz eta urduri ireki dute berriz Donostiako Gandarias Jatetxea
Ilusioz eta urduri ireki dute berriz Donostiako Gandarias Jatetxea
Ilusioz eta urduri ireki dute berriz Donostiako Gandarias Jatetxea

2:27

Nafarroako ostalaritza

Bestalde, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak tabernak % 30eko edukierarekin irekitzea eta ordutegia 22:00ak arte luzatzea proposatu du.

Alabaina, Nafarroako ostalaritzaren ordezkariek uste dute taberna eta jatetxeen barrualdeko edukiera % 30era murrizketa "zoramena" dela, muga horrekin euren negozioen gastu finkoak ordaintzeko nahikoa ez dutelako.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuak ostalaritzaren alorrerako egindako proposamena "onartezina" dela salatu dute.

Ildo horretan, pandemiaren aurrean egin duten kudeaketarengatik, Maria Chivite Nafarroako presidentearen eta Santos Indurain Osasun kontseilariaren dimisioa eskatu dute.

Iparraldean, itxita 2021era arte

Ipar Euskal Herriko tabernek eta jatetxeek ezingo dituzte ateak ireki, gutxienez, urtarrilaren 20ra arte.

Manifestazioak

Manifestazioa Bilbon. Argazkia: EFE

Manifestazioa Bilbon. Argazkia: EFE

Bestalde, ehunka pertsonak ostalaritzaren aldeko manifestazioak egin dituzte arratsaldean, Donostian, Bilbon eta Gasteizen, sektorearentzako “irtenbide duinak” eskatzeko.

Donostiako protesta 17:30ean abiatu da Boulevard Zumardiatik. Manifestariek pankartak erakutsi dituzte, besteak beste, “ostalaritza, konponbide duinak orain” eta “ostalaritza, erreskatea orain” leloekin. “SOS ostalaritza” kartelak ere erakutsi dituzte mobilizazioan.

Era berean, banatzaileek kamioiekin zein furgonetekin karabana osatu dute manifestazioaren aurrealdean. Klaxon-hotsen artean manifestazioak ibilbidea egin du hiriburuaren erdialdean, berriro Boulevardera itzuli eta bukatzeko.

Bilbon, ehunka pertsonak manifestazioa egin dute Kale Nagusian, sektorearentzako “konponbide duinak” eskatzeko, oihu, klaxon-hots eta suzirien artean.

Protestaren aurrealdean 20 bat taxi izan dira, ostalaritzaren aldeko pegatinekin jantzita.

“Ezin daitekeena egin da, lankide askori gertatu zaiena, ostegun batean itxi izozkailuan 70 txuletoi prest dituzunean”, berriz zabaltzeko zain geratu, “orain hilabete eta erdi izan delako, aurrekoan hiru, eta gehiagotan ez gertatzea espero dugu”, deitoratu du Gorka del Campo Basauriko ostalariak.

Gasteizko manifestazioan 500 bat pertsonak parte hartu dute. Bilbo plazatik abiatu da 17:30 aldera. Protestak erdialdeko kaleetatik ibilbidea egin du, “SOS ostalaritza” lelopean. “Ez badugu lanik egiten, ez dugu ordainduko”, “ostalaritza gure bizitza da” eta “ostalaritza aurrera” oihukatu dute manifestariek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Jatetxeak Tabernak Koronabirusa Alarma egoera