Gizartea -
Koronabirusa
Positibo berriak jaitsi egin dira EAEn, eta Nafarroan 300dik gora eman dira berriz
Euskadin 272 positibo berri atzeman dituzte, 5.366 PCR proben % 5,06. Nafarroak 302 kutsatze gehiago zenbatu ditu azken orduetan egindako 2.615 PCR proben artean.
eitb.eus
Euskadik 272 kutsatu berri atzeman ditu igande honetan egindako 5.366 PCR probetan. Gainera, azken 24 orduetan 14 pertsona ospitaleratu dituzte eta 59 gaixo daude zainketa intentsiboetako unitatean, Osasun Sailaren buletin epidemiologikoaren arabera.
Positiboen kopuru hori igandeko 5.366 PCR proben % 5,06 da, larunbateko % 3,8aren gainetik, egun horretan 318 positibo eman eta proba gehiago (8.227 PCR) egin baitziren.
Lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaiak 114 kasu berri (49 kasu gutxiago) gehitu ditu. Bilbon dago positiboen kopuru handiena, baina jaitsiera nabarmena izan da, 65etik 20ra; Portugaleten, berriz, gora egin dute kutsatzeek, 12 kasu berri izan baitira (aurreko egunean baino bat gehiago); eta, Leioan 11 kasu berri (10 gehiago).
Gipuzkoan 123 positibo berri (108 larunbatean) erregistratu dituzte, horietatik 20 Donostian, aurreko egunean baino bat gutxiago, zortzi Arrasaten eta Lasarte-Orian eta sei Azpeitian eta Errenterian.
Arabak 31 positibo berri ditu (aurreko jardunaldian baino bederatzi gutxiago), eta horietatik 25 Gasteizen daude. Halaber, EAEtik kanpo bizi diren lau pertsonak eman dute positibo EAEn egindako probetan.
Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.
Ospitaleen egoerari dagokionez, azken orduetan 14 pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19aren ondorioz, aurreko egunean baino 12 gutxiago, eta zainketa intentsiboetako unitateetan 59 (hiru gehiago) pertsona daude. Gaur egun, 245 paziente daude ospitaleratuta, hau da, aurreko egunean baino bi gehiago.
R0 indizea, gaixo batek kutsa dezakeen pertsona kopurua adierazten duena, 0,92koa da Euskadin.
Intzidentzia adinaren arabera
Positiboen kopururik handiena 40 eta 49 urte arteko pertsonengan atzeman dira, 49 zehazki, baita 10 eta 19 artekoengan ere, 40. Beste 37 kasu 50 eta 59 urte bitartekoen artean eman dira, 36 positibo 30 eta 39 urte bitartekoen artean eta 31 kasu 20-29 urtekoen artean eta 60-69 urte bitartekoen artean. 10 urtetik beherakoen artean 16 kutsatze berri daude.Adinekoen kolektiboan (beste adin-talde batzuetakoek baino konplikazio larriagoak izateko joera handiagoa dutenak), 11 kasu berri erregistratu dira 70 eta 79 urte bitartekoen artean, 10 positibo berri 80 eta 89 urte bitartekoen artean eta bi 90 urtetik gorakoen artean.
113 ikasgela itxita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakitera eman duenez, COVID-19aren ondorioz ez dago ikastetxerik itxita, baina 82 ikastetxetako 113 ikasgela itxita daude, hau da, eskola guztien % 0,64.
Ikasle bakartuak dituzten ikasgelen kopuruak behera egin du ostiralean erregistratutako daturarekin (156) alderatuta, 43 ikasgela gutxiagotan baitaude ikasle bakartuak; gainera, joan den asteko asteleheneko kopuruaren erdia baino txikiagoa da, orduan itxitako ikaslegak 233 baitziren.
Nafarroako egoera
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, COVID-19ak eragindako 302 infekzio kasu berri atzeman zituen atzo Osasun Departamentuak, osasun sistema publikoan 2.614 PCR egin eta gero, % 11,5eko positibo tasarekin. Atzo bi pertsona hil ziren gaixotasun horren ondorioz: 91 eta 93 urteko bi emakume. Zainketa intentsiboetako unitatean 25 pertsona daude ospitaleratuta.
"Zuhutasun guztiarekin egoera epidemiologikoa egonkortu egin da", esan du Santos Indurain Foru Erkidegoko Osasun kontseilak.
Ikuspegi geografikotik, Iruñeak eta eskualdeak positiboen % 50 erregistratu du, Tuterako Eremuak kasuen % 29 eta Lizarrakoak % 4. Gainerako positiboak (% 17) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.Adin-tarteei dagokienez, talde nagusia 45 eta 59 urte artekoa da (% 24), eta ondoren 15 eta 29 urte artekoa (% 22). Jarraian, 30-44 urteko taldeak positiboen % 18 izan du eta 15 urtetik beherakoek % 15. Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea dugu, positiboen % 12rekin eta 75 urtetik gorako taldea, positiboen % 9rekin.Generoari dagokionez, % 52 gizonak dira eta % 48 emakumeak.Ikuspegi epidemiologikotik, atzo 20 ospitaleratze berri izan ziren Nafarroan COVID-19aren ondorioz, horietako bat zainketa intentsiboetako unitatean.
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 19.464 pertsona kutsatu dira, eta, guztira, 584 hil dira.
Osasun sailburuaren ustez, "distantzia handiagoko" ikuspegia izan behar da Foru Erkidegoa kutsatzeen kurba lautzen ari den ala ez jakiteko, eta "egiten ari garen bezala lan egiten jarraituko dugu, gure energia guztiarekin, egunean 300 kasu inguru ditugula jakinda", gaineratu du.
Bestalde, Osasun sailburuak "energia gehiago" jartzeko deia egin du berriro, "kurba lautu" eta "arnas birusek eragiten duten negu konplexuari aurre egiteko". "Neurri zorrotzagoak hartu behar ez izatea espero dugu, izan ere, hartu ditugunek eragina izatea bilatzen dugu", baina "adierazleen arabera hartu beharko balira, hartuko genituzke", ohartarazi du.
Azkenik, Nafarroan antigenoen testak noiz hasiko diren erabiltzen galdetuta, Santos Indurainek erantzun du "laster" izango dela, "dena ondo antolatuta izatea nahi dugulako"."Sintomak dituen pertsona baten antigeno-testa positiboa bada, PCR baten baliokidea izango da; horregatik, oso garrantzitsua da hori ondo erregistratuta egotea, arakatzaileek informazioa izatea eta trazabilitatea ez galtzea", azpimarratu du.
Pandemiaren eragina zahar-etxeetan
Bestalde, pandemiaren bigarren oldea hasi zenetik 70 adineko hil dira Bizkaiko erresidentzietan. Azkeneko bi egunetan heriotza bakarra izan da eta Foru Aldundiak esan du egoera hobera egiten ari dela.
Atzoko datuen arabera, 67 pertsona dauden kutsatuta, ostiralean baino hiru gutxiago, eta beste 17 adineko ospitalean ingresatuta daude. Kutsatuta edo prebentzio neurri gisa bakartuta dauden langileen kopuruak ere behera egin du: 55 dira, ostiralean baino bi gutxiago.
Horrez gain, Gasteizko Florida Etxea etxebizitza komunitario pribatuan 11 adinekok eman dute positibo. Halaber, Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du urritasuna duten pertsonentzako beste etxebizitza batean lau lagun kutsatu direla.
Arabako zahar etxeetan ez da heriotzarik izan azken orduetan. Pandemiaren bigarren olatuan 14 pertsona hil dira.
Bestalde, Gipuzkoako erresidentzietan ez da heriotzarik izan eta ez dute kasu berririk detektatu. Hortaz, 62 dira kutsatuta dauden adinekoak.
Foru Aldundiak zehaztu du sei egunetan ez dela heriotzarik izan eta hirugarren eguna dela positiborik atzeman ez dutela.
Nafarroako zahar etxeetan, berriz, 141 pertsona daude koronabirusarekin gaixorik. Horietatik, 13 ospitalean daude eta gainerakoak egoitzetan, 41 sintomekin eta 56 sintomarik gabe.