Gizartea -

KORONABIRUSA

442 positibo berri atzeman dituzte EAEn eta 245 Nafarroan azken orduetan

Gainera, bi pertsona hil dira Bizkaiko adinekoen egoitzetan eta hiru pertsona Nafarroan. Positibo portzentajea %5,1ekoa izan da EAEn eta %8,1ekoa Nafarroan.

Laborategiko teknikari bat, COVID testa egiten. Argazkia: EFE
Laborategiko teknikari bat, COVID testa egiten.
Laborategiko teknikari bat, COVID testa egiten. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken orduetan 442 positibo atzeman dituzte EAEn, koronabirusaren pandemiaren eguneroko bilakaeraren datuen arabera.

Ostiralean 8.579 PCR proba egin zituzten eta horietatik 442 (bezperan baino 24 gehiago) positiboak izan dira, hau da, % 5,1. Beraz, portzentajea zerbait jaitsi da, atzoko %5,26koarekin alderatuta. Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean ezarria du epidemia "kontrolpean" dagoenaren adierazlea.

Osasun Departamenduak jakitera eman duenez, lurraldeka, 82 kasu berri atzeman dituzte Araban, 213 Bizkaian, 145 Gipuzkoan eta 2 kasu Euskaditik kanpo bizi diren pertsonenak izan dira.

Ospitaleei dagokienez, 39 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte azken orduetan, eta gaur egun 56 lagun daude ZIUetan.

Herriz herriko informazio zehatza eta RO indizea astelehenean eguneratuko dituzte.

Bi pertsona hil dira Bizkaiko adinekoen egoitzetan

Bestalde, Bizkaiko adinekoen egoitzetan bizi ziren bi pertsona hil dira koronabirusarekin azken bi egunetan, Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez. Horiekin, jada 69 dira "bigarren olatua" delakoa hasi zenetik Bizkaiko zahar etxeetan hil direnak.

Atzo 70 adineko zeuden Bizkaiko egoitzetan konfinatuta eta beste 18 ospitaleratuta, COVID-19an positibo eman eta gero. 155 zentro daude Bizkaian eta 10.748 plaza dituzte.

Berrizko Mesedeetako komentuko 17 mojak, positibo

Bestalde, atzo Osakidetzak emandako datuen arabera, 19 positibo izan ziren bezperan Berrizen, oso kopuru deigarria.

Anboto webguneak jakinarazi duenez, 19 horietatik 17 Mesedeetako komentuan bizi diren 17 lekaime dira. Guztira 43 moja bizi dira bertan eta hainbat langile ere aritzen dira. Gainontzeko mojek eta langile guztiek negatibo eman dute.

245 kasu gehiago eta hiru hildako Nafarroan, COVID-19agatik

Nafarroan, Osasun Departamentuak 245 kasu berri atzeman ditu azken 24 orduetan eta hiru pertsona hil dira COVID-19arekin: 100 urteko emakume bat eta 89 urteko bi gizon.

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, 2.953 PCR egin zituzten atzo eta %8,1eko positibo tasa izan zuten.

31 ospitaleratze berri izan ziren, baina inor ez ZIUn. Gaur egun 209 pertsona daude COVID-19a dela eta ospitaleratuta Nafarroan, horietako 25 Zaintza Berezien Unitateetan.

Ikuspegi geografikotik, positibo berrien %60 Iruñean eta Iruñerrian atzeman zituzten, %16 Tutera inguruan eta %8 Lizarraldean.

Adinari dagokionez, atzoko kasu berrien %25ek 15 eta 29 urte artean dituzte, %24k 30 eta 44 urte artean, %21k 45 eta 59 artean, %14k 60tik 75era, %11k 15 urte baino gutxiago eta %5ak 75 baina gehiago.

Kasu berrien batezbesteko adina 41,4koa da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Bilbo Donostia Iruñea Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuak Adinekoentzako egoitzak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Nafarroako Osasun Zerbitzua