Gizartea -

Osasun larrialdia

Gehienez 10 pertsona elkartu ahal izango dira kalean, jarduera edozein dela ere

Besteak beste, ostalaritza establezimenduetako edukierak, ordutegiak, pertsonen arteko bilerak eta garraio publikoen gaueko ordutegiak murriztu dituzte.

Dozenaka pertsona Bilbon, deseskalatze prozesua martxan zegoenean. Argazkia: EFE
Dozenaka pertsona Bilbon, deseskalatze prozesua martxan zegoenean.
10 laguneko taldeetara murriztu dira jarduera gehienak

7:57

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren agerraldiak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) izandako gorakada nabarmenari aurre egiteko asmoz, neurri murriztaile berriak iragarri ditu gaur, asteartea, Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, atzo jakinarazitako datuen arabera, 321 kasu gehiago atzeman dituzte EAEn azken orduetan, horietako 185 Bizkaian.

Jaurlaritzak iragarritako neurrien artean, kalean zein leku itxietan biltzen diren pertsona taldeei jarritako muga nabaramedu dute. Gehienez 10 pertsona elkartu ahal izango dira, "jarduera edozein dela ere", hau da, kirola, paseoan, ostalaritza establezimenduetan etab.

Iñigo Urkullu lehendakaria Euskadiko Babes Zibileko Plana (LABI) osatzen duen aholku-batzordearen bileran izan da gaur, 10:30ean, Gasteizen. Izan ere, osasun krisiaren "aginte bakarra" bere gain hartu zuen atzo Urkulluk, Euskadin osasun larrialdia ezarri ondoren. Bileraren ondoren, Arantxa Tapia Azpiegitura eta Garapen Ekonomikoko sailburua, Nekane Murga Osasun sailburua eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua hedabideen aurrean agertu dira, hartutako neurrien eta pandemiaren egoeraren berri emateko.

Tapiak iragarri duenez, gainera, tabernek, jatetxeek eta txokoek orain arte izan dituztenak baino neurri murriztaileagoak izango dituzte. LABIren aholku-batzordeak erabaki duenez, horrelako establezimenduetan dauden pertsonek, gutxienez, 1,5 metroko distantzia gorde beharko dute, "ez mahai eta mahai artean". Pertsona bat beste bati bizkarra emanda badago, 1,5 metroko distantzia hori egon beharko da haien artean, eta ezingo dira 10 pertsona baino gehiago bildu.

Gainera, taberna, jatetxe eta txokoetan ezingo da inoiz 60 pertsona baino gehiago egon, eta eserita soilik kontsumitu ahalko da, mahaian zein barran, baina "beti eserita".

Eusko Jaurlaritzak iragarritako beste neurri berri batek garraio publikoari eragingo dio. Autobusak, metroak, trena... 01:30ean amaituko dira, taberna, jatetxe eta txokoetan egon diren pertsona horiei zerbitzua eman ahal izateko. Joan den ostiralean Salvador Illa Espainiako Osasun ministroarekin egindako bileraren ostean iragarrita zegoen bezala, establezimenduek 01:00ean itxi beharko dute.

Garraio publikoan ere, bi ordu baino gutxiagoko bidaietan, debekatuta dago elikagaiak hartzea. Dena den, ur botila bat eraman daiteke, eta maskara kendu edateko, baina ez elikagaiak irensteko.

Bestalde, gaubeiletan gehienez 30 lagun elkartu ahal izango dira, bai barruan, bai kanpoan.

Turismo-ostatuetan, gune komunetako edukiera % 60ra mugatuko da, eta mota guztietako irteerak, kulturalak nahiz turistikoak, gehienez 10 lagunekoak izango dira talde bakoitzeko.

Erretzeari dagokionez, debekatuta egongo da bide publikoan, baldin eta, gutxienez, 2 metroko tarteari eutsi ezin bazaio. Osasun Ministerioaren iragarpenaren ostean heldu da debekua, nahiz eta hark 1,5 metrotan finkatu zuen distantzia.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Zer da osasun larrialdi egoera?
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Metro Bilbao Gizartea Bizkaibus Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Jaiak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Aisia Erizaintza Sendagaiak Tabernak Uda Donostia Ospitalea Garraio publikoa Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Galdakao-Usansolo Ospitalea LABI Euskadi