Gizartea -

Koronabirusa

Osakidetzak helegitea jarri dio lan-arriskuen araudiari buruzko epaiari

ESK sindikatuak "zer aldatu den" galdetu dio Jaurlaritzari, ebazpenaren "balorazio positiboa" egin eta egun batzuetara helegitea jartzea erabakitzeko.

Osasun-arloko hainbat profesional, Txagorritxuko Ospitalea atzean dutela. Argazkia: EFE
Osasun-arloko hainbat profesional, Txagorritxuko Ospitalea atzean dutela.
Osasun-arloko hainbat profesional, Txagorritxuko Ospitalea atzean dutela. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19ak eragindako osasun arloko krisian, Osakidetzak ez zuela bere plantillako lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudia bete adierazten duen epaiaren aurrean helegitea jarri du euskal osasun zerbitzuak, ESK sindikatuak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Hain zuzen ere, sindikatu horrek jarri zuen salaketa EAEko Justizia Auzitegi Nagusian (EAEAN), eta, ondoren, beste sindikatu batzuek bat egin zuten horrekin.

Sindikatuak gogora ekarri duenez, uztailaren 2an emandako epai horretan, Osakidetzak ez zuela bere langileen lan-osasunaren zaintza egokia bermatzeko "betebeharra bete" ebatzi zuen EAEANek, eta "langileen babeserako beharrezkoak diren neurri guztiak hartzera behartu zuen".

ESK sindikatuaren esanetan, "harrigarria bada ere", epaia ezagutu eta biharamunean, euskal osasun zerbitzuak "epaiaren irakurketa positiboa" egin zuen ohar batean; izan ere, "COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz lan-arriskuen prebentzioaren arloan sindikatuek egindako eskaera gehienak ezetsi zituen EAEANek".

Halaber, sindikatuaren iritziz, alderdi politikoek EiTBko hauteskunde eztabaidan epai horri buruz egindako aipamenei "ildo beretik" erantzun zien Iñigo Urkulluk.

ESK sindikatuak gaineratu duenez, ostegun honetan jakin du Osakidetzak epaitegietan "epai horren aurkako helegitea aurkezteko asmoa" duela. Horren aurrean, "uztailaren 3tik hona zer aldatu den" galdetu dio Eusko Jaurlaritzari, orduan Osakidetzak epaiaren "balorazio positiboa" egin zuen arren, orain "helegitea aurkeztea erabaki duelako".

Sindikatuak "Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren jarrera manipulatzailea" salatu du; izan ere, "hauteskunde-kanpainan ez dute zalantzarik izan epaia Osakidetzaren kudeaketak langileei eragin dien kaltea arintzeko erabiltzeko, eta orain, hauteskundeak egin ostean, Osakidetza Lan-arriskuen Prebentzio Legea ez betetzeagatik zigortzen duen epai baten errealitatea onartzea erabaki dute".

Hori dela eta, "azken hilabeteetan euskal ospitaleetan gertatutakoa ez errepikatzeko ahalegin guztiak" egiteko eskatu die sindikatuak EAJri eta Osasun sailburuari, "telebistan eta epaitegietan itxurakeriak egiten saiatu ordez".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa izango da abuztuaren 1etik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Epaiketak Gaixotasunak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Medikuak Sindikatuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Donostia Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea ESK EAEko Justizia Auzitegi Nagusia