Gizartea -
Koronabirusa
Arrasate, Errenteria eta Irungo kasuek lotura duten aztertzen ari da Osasun Saila
Osasun Sailetik azaldu dutenez, familia eta/edo lagun topaketetan gertatu diren kutsatzeak dira. Gipuzkoan, bost positibo gehiago atzeman dira azken orduetan.
eitb.eus
Azken orduetan Arrasaten, Errenterian eta Irunen atzemandako koronabirus kasu berrien harira, Gipuzkoan beste agerraldi bat izan den aztertzen ari da Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila.
Eusko Jaurlaritzak atzo, asteartea, zabaldutako datuen arabera, bi hildako eta 15 positibo gehiago utzi ditu gaitzak Euskadin azken orduetan. COVID-19ak eragin duen pandemiaren bilakaerak zertxobait okerrera egin duela adierazten du horrek. Zehazki, Araban bost positibo gehiago atzeman dira azken orduetan, Bizkaian beste bost eta Gipuzkoan beste horrenbeste.
Gipuzkoan baieztatutako kasuei dagokienez, Donostian (bat), Irunen (hiru) eta Errenterian (bat) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman dutenak. Testuinguru horretan, Donostian atzeman duten kasua Orioko agerraldiarekin lotuta dagoen aztertzen ari dela baieztatu du Osasun Sailak, bigarren mailako kontaktu baten bidez kutsatu dela iritzita.
Orioko agerraldiari dagokionez, 17 pertsona gaixotu dira, eta horrekin lotura izan dezaketen balizko beste bost kasu aztertzen ari dira uneotan. Ildo horretatik, balizko 22 kasu horiei Donostian atzeman dutena gehitu zaie azken orduetan.
Horrez gain, atzo Gipuzkoan baieztatutako beste lau positiboek (Irungo hirurak eta Errenteriakoak) Arrasatekoekin loturarik duten ere ikertzen ari dira. Osasun Sailetik azaldu dutenez, senide eta/edo lagunen arteko topaketetan kutsatu dira.
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak prentsaurrekoa emango du gaur eguerdian, COVID-19aren bilakaeraren berri emateko. Osasun Sailetik gogorarazi dutenez, "birusak hor jarraitzen du" eta une honetan "gu geu" gara koronabirusaren aurka dagoen txerto bakarra.
Bestalde, Baskoniako ehunka zaleren ospakizunei dagokienez, pertsonen arteko segurtasun-distantzia zaintzea derrigorrezkoa dela azpimarratu du Osasun Sailak, eta, posible ez denean, maskarak erabili behar direla. Halaber, arrisku-egoerak saihesteko eskatu die herritarrei.
Pandemiaren hasieratik, 1.615 pertsona hil dira Euskadin koronabirusaren ondorioz (% 7,7). Atzo, bi pertsona hil ziren.