Gizartea -

KORONABIRUSA

13 heriotza izan dira EAEn azken orduetan, horietako bat Osakidetzako erizaina

Nafarroan aurretiazko patologiak zituen 86 urteko emakume bat da koronabirusak hildako bosgarren pertsona.

Gasteizko kale bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Gasteizko kale bat
Koronabirusa duten 13 pertsona hil dira azken orduetan EAEn

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn 53  pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz, azken orduetan 13 pertsona hil ondoren, horietako bat Bizkaian sei egun ospitaleratuta zeramatzan 52 urteko Osakidetzako erizain bat. Azken datuen arabera, 217 kasu berri erregistratu dira. Guztira, 1.190 positibo izan dira eta horietako 455 ospitalean daude, Nekane Murga Osasun sailburuak jakitera eman duenez.

Lurraldeka, Araban 621 positibo izan dira, eta horietatik 224 ospitaleratuta daude. Bizkaian, 393 pertsona kutsatu dira, eta horietatik 177 daude ospitalean. Azkenik, Gipuzkoan 176 kasu zenbatu dira, eta 54 daude ospitaleratuta.

Positibo eman zuten 18 pertsona sendatu direla nabarmendu ostean, Murgak 13 pertsona gehiago hil direla adierazi du. Zehazki, Araban 35 dira hildakoak, Bizkaian 13 eta Gipuzkoan 5.

Nafarroan aurretik patologiak zituen 86 urteko emakume bat da Covid-19ak hildako bosgarren pertsona, Nafarroako Gobernuko iturrien arabera.

Emakumea martxoaren 16an ospitaleratu zuten Tuterako Reina de Sofia ospitalean eta ostegun honetan hil da. Covid-19aren ondorioz Foru Erkidegoan hil diren beste lau pertsonak adinekoak ziren, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.

Nafarroan koronabirusaz kutsatutako gaixoak 482ra igo dira, 132 ospitaleratuak eta 350 etxez etxeko jarraipenean. Zehazki, zainketa intentsiboetako unitatean Covid-19a duten gaixoetatik 11 ospitaleratuta daude.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Bilbo Iruñea Bizkaia Nafarroa Eusko Jaurlaritza Donostia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Osasunbidea