Gizartea -

Ekimena

Eskoletan sukaldaritza osasuntsua bultzatzeko gida kaleratu du Eusko Jaurlaritzak

Guztira, 600 ale banatu dira eskola-jangeletara janaria eramaten duten sukalde zentral eta 'catering'eko enpresa guztietan, bai eta beren sukaldea duten ikastetxeetan eta sukaldaritzako eskoletan ere.

Eskoletan sukaldaritza osasuntsua bultzatzeko gida
Eskoletan sukaldaritza osasuntsua bultzatzeko gida
Ikastetxeetako jangeletan Janari osasungarria eta erakargarria lortzeko aholkuak

1:15

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak esperientzia handiko sukaldariek prestatu duten gida bat kaleratu du, eskoletako jantokietan elikadura osasuntsua sustatu eta adin goiztiarretan elikadura-ohitura onak bultzatzeko helburuarekin.

Eskolako jangeletan sukaldaritza erakargarria eta osasungarria izateko aholku praktikoak” izenburua duen lan honek beharrezkoak diren balio nutrizionalak betetzen dituzten eta, aldi berean, erakargarriak eta teknologikoki eta ekonomikoki egingarriak diren eskola-menuak prestatzeko aholku praktikoak eskaintzen ditu, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar batean azaldu duenez.

Halaber, “higiene eta osasun beharrekin ere bateragarriak dira, bereziki garraiatutako elikagaiak kontserbatzeko tenperaturari dagokionez. Azken batean, ikasleak hobeto jatera ohitu behar dira, eta, gainera, jaki osasuntsuekin goza dezaten lortu nahi da”.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ekimen horren berri eman du ostiral honetan. Bere esanetan, “umeei eskoletan osasuntsu jateko ohitura har dezaten laguntzeko ekimen berri hau beste urrats bat gehiago da gizarte-kontzientziazioaren baitan, eta helburua da Euskadin elikadura babes-faktore izatea gaixotasunen aurrean, eta ez horiek jasateko arrisku-faktore”.

Guztira, gidaren 600 ale banatu dira eskola-jangeletara janaria eramaten duten sukalde zentral eta catering-eko enpresa guztietan, bai eta beren sukaldea duten ikastetxeetan eta sukaldaritzako eskoletan ere.

Catering-etan eta eskola-jangeletan esperientzia handia duten sukaldariek prestatu dute gida, Basque Culinary Centerreko langileen laguntzarekin, umeei “fruta, barazkiak eta arraina oinarri dituzten platerak eskaintzeko”. Osasun Sailak nabarmendu duenez, “zentro teknologiko baten berrikuntza eta sukaldean aritzen direnen ikuspegi errealista uztartu dira.

Gida honetako gomendioak herritar guztien eskura daude, eskola-jangeletan ez ezik, euskal etxeetan ere kontuan har ditzaten aholku horiek guztiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gastronomia Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Nutrizioa Basque Culinary Center