Ekonomia -
EITB Data
Tabernek eta jatetxeek enpleguaren % 5 biltzen dute Hego Euskal Herrian
Portzentajea Espainiako Estatuko batez bestekoa (% 6,3) baino txikiagoa da, baina EBkoa (% 3,5) baino handiagoa. 66.000 pertsona baino gehiago ari dira lanean Hego Euskal Herriko jatetxeetan eta tabernetan, 52.447 EAEn eta 14.170 Nafarroan.
EITB Media
Euskadi eta Nafarroako taberna eta jatetxeek lanpostuen % 5 inguru pilatzen dituzte bi erkidegoetan, EITB Dataren arabera.
Horrela, zenbaki absolutuetan, 66.000 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan Hego Euskal Herriko establezimenduetan, 52.447 Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta 14.170 Foru Erkidegoan. Hau da, lanpostuen % 5,3 eta % 4,7 dira, hurrenez hurren.
Portzentajea Espainiako Estatuko batez bestekoa (% 6,3) baino txikiagoa da, baina Europar Batasunekoa (EB) (% 3,5) baino handiagoa, 2019ko datuen arabera.
Horrela, EAEko taberna eta jatetxeek enpleguan duten pisua Balear Uharteetan (% 11,4) edo Kanarietan (% 8,6) dutenaren ia erdia da, erkidego horietan turismo sektorearen nagusitasuna nabarmen handiagoa baita. Europa mailan, Greziak (% 9,6) jarraitzen dio bi artxipelago horien eredu ekonomikoari.
Bestalde, Hego Euskal Herriko jatetxeetan eta tabernetan lan egiten duten lau pertsonatik bat autonomoak dira, Gizarte Segurantzaren arabera. Kasu horretan, Euskadik (% 25,6) eta Nafarroak (% 26,7) gainditu egiten dute Espainiako Estatuaren portzentajea (% 21,8). Adierazle horrek agerian uzten du tabernetan eta jatetxeen esparruan negozio txikiek duten garrantzia.
Azkenik, hiru lurralde esparruetan ikusten da autonomoek garrantzi handiagoa dutela negozio mota horietan gainerako sektore ekonomiko guztietan baino (% 16-17 inguru).