Ekonomia -

751 plaza

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren Lan Eskaintza Publikoa urtarrilean hasiko da

Webgunean merituak aurkezteko hautagaiek izan dituzten arazoak direla eta, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak esan du ez dutela aldaketarik egiteko asmorik.

Ertzaintzaren kontrola. Argazkia: Efe
Ertzaintzaren kontrola. Argazkia: Efe
Ertzaintzaren kontrola. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzako 70 plazako eta 18 udalerritako 51 udaltzainen Lan Eskaintza Publikorako prozesua datorren urtarrilaren 11n hasiko da.

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak eta Gorka Urtara Eudeleko presidente eta Gasizteko alkateak prentsaurrekoa eman dute lan eskaintzaren berri emateko, eta jakinarazi dute hasiera batean ezarritako plaza kopurua handitzeko aukera dagoela eta guztia prozesu bakar batean egingo dela.

Erkorekak iragarri duenez, Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute urtarrilaren 11n, eta hurrengo egunean irekiko da izena emateko epea, 20 egun iraungo duena.

Lehenengo probak 2021eko udaberrian eta hautagaien trebakuntza udazkenean hasiko dela espero dute, praktikak 2022ko bigarren seihilekoan abian jartzeko.

Ertzaintzarena 30. promozioa izango da, eta 51 udaltzainen plazak Gasteizen, Laudion (Araba), Bilbon, Basaurin, Bermeon, Durangon, Etxebarrin, Getxon, Lekeition, Portugaleten (Bizkaia), Donostian, Azkoitian, Hondarribian, Irunen, Pasaian, Tolosan, Zarautzen eta Zumaian (Gipuzkoa) banatuko dituzte.

Segurtasun Sailak aipatu du 7.419 ertzain daudela lanean gaur egun, baina legegintzaldi honetan 779k erretiroa hartzea espero dela. Horregatik, "lehentasunezkoa" izango omen da belaunaldi aldaketa bermatzea.

Eusko Jaurlaritzaren helburua 2021etik 2025era lau hautaketa prozesu egitea omen da, urtero bat eginda.

Baldintzak

Ertzaintzako Lan Eskaintza Publikoaren helburuen artean dago 700 plazatik heren bat emakumeentzat izatea.

Horren harira, Erkorekak azaldu du berdintasuna lortze aldera, kasu batzuetan emakumeek gizonen aurretik aukeratu ahal izango dutela lantokia, nahiz eta hautaketa prozesuaren amaierako emaitza % 15 baxuagoa izan.

Gainera, hiru plazatik bi B2 hizkuntza eredua ziurtatzen duten pertsonentzat izango da. Hala, 462 ertzain elebidun sartzea espero dute.

751 plazetako baten bat eskuratzeko, hautagaiek hainbat baldintza bete beharko dituzte, tartean 18 urte baino gehiago eta 38 gutxiago izatea, eta gutxienez 1,65 metroko altuera izatea gizonezkoen kasuan, eta 1,60koa, emakumeenean. Batxilergoko titulua edo parekoa izan beharko dute baita ere.

Gasteizko Arkauteko akademia izango da agente berrien prestakuntzaz eta deialdiaren garapenaz arduratuko dena, eta bi urte inguru iraungo du.

Aurrekoa amaitu gabe

Deialdi honen berri eman duten arren, oraindik 29. promoziokoa, 700 ertzain eta 111 udaltzainekoa, martxan dago, pandemiaren ondorioz atzerapen asko egon direlako.

Sailburuak aurreratu du otsailean hautaketa prozesua gainditu dutenak 9 hilabeteko heziketarekin hastea espero dutela, eta udazkenean praktikei ekitea.

Arazoak webgunearekin

Martxan dagoen Lan Eskaintza Publikoari dagokionez, Euspel eta ELA sindikatuek salatu dute hautagai batzuk kaltetu dituela prozedurak, arazoak izan dituztelako merituak webgunean aurkezteko.

Erkorekak erantzun du ez dutela webgunean aldaketak egiteko asmorik deialdi berriari begira, eta prozedurak berme guztiak betetzen dituela, tartean alegazioak aurkezteko epea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Bilbo Donostia Basauri Ertzaintza Getxo Portugalete Gorka Urtaran Tolosa Euskal Autonomia Erkidegoa Zarautz Laudio Hondarribia Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Lekeitio Durango Irun Pasaia Azkoitia Zumaia Albisteak Lan Eskaintzak Etxebarri