Udal eta foru hauteskundeak 2023, Euskadin eta Nafarroan | EITB Hauteskundeak albisteak

Udalen osaketa

16:43

Udalen osaketa

M26

EAJ-PSE itunak sei alkatetza kenduko lizkioke EH Bilduri, eta beste bat PPri

Agentziak | Erredakzioa

Gipuzkoan, PSEk Andoain eta Pasaiako alkatetzak berreskuratu ditzake, eta EAJk Lezo, Mendaro eta Soraluzekoak. Araban, jeltzaleen eta sozialisten arteko itunak PPri Guardiako alkatetza ken diezaioke.

  • Andoaingo (Gipuzkoa) plaza.

    Andoaingo (Gipuzkoa) plaza. Argazkia: Asier Garitaonandia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EAJren eta PSE-EEren arteko ituna errepikatzeak foru eta udal gobernu ugari ziurtatuko lituzke, baita EH Bilduri sei alkatetza (bost Gipuzkoan eta bat Bizkaian) eta PPri beste bat (Araban) kendu ere, udal guztietan aplikatzen baldin bada. Iragan legealdian akordioa itxi zuten bi alderdiek.

Gipuzkoan, PSEk Andoain eta Pasaiako alkatetzak berreskuratu ditzake, eta EAJk Lezo, Mendaro eta Soraluzekoak, bi indarrek udalerri guztietan botoak batzea erabakiko balute ekainaren 15ean, udalak osatu behar diren egunean, alegia.

EH Bilduk hauteskundeak irabazi zituen Andoainen, 7 zinegotzi lortuta; PSEk 5 ordezkari erdietsi zituen, EAJk 4 eta Elkarrekin Podemosek 1. Horrela, sozialisten eta jeltzaleen arteko balizko batasunak gehiengo osoa izango luke.

Hala ere, aurrekariek akordioaren aldeko apustua berehala egiteko betarik ez dute ematen; izan ere, antzeko zenbakiekin (EH Bildu 6, PSE 5, EAJ 4, Ganemos 1 eta Irabazi 1) jeltzaleek sozialistak ez babestea erabaki zuten duela lau urte, eta EH Bilduri gobernatzeko aukera eman zioten, bi alderdien artean adostutako itun orokorra hautsiz.

Beste udalerri garrantzitsu bat Pasaiakoa (16.000 bizilagun baino gehiago) litzateke. Itunaren errepikapenaren zain dago; izan ere, EH Bilduk irabazi du bertan, 6 zinegotzi eskuratuta; bitartean PSEk 5 lortu ditu, EAJk 4 eta Elkarrekin Podemosek 2.

Iragan legealdian, EAJk Izaskun Gomez hautagai sozialistari babesa eman zion alkate izateko, baina kasu horretan zerrendarik bozkatuena izan zen. Oraingoan, ordea, itunarekin alderdi irabazleari Alkatetza kenduko liokete, 2015ean jeltzaleek Andoainen eman nahi izan ez zuten pausoa.

Ituna aplikatzen baldin bada, EAJk Lezo, Mendaro eta Soraluzeko alkatetzak bereganatuko lituzke, nahiz eta EH Bilduk garaipena eskuratu. 2015ean jeltzaleek ez zuten Astigarragan eta Soraluzen zerrendarik bozkatuena errespetatu. Sozialisten babesaz baliatu ziren gobernatzeko, ezker abertzalearen kaltetan.

Gainera, gehiengo erlatibo batekin beste alkatetza batzuk bereganatzeko aukera dute bi alderdiek, Tolosa, Arrasate, Azkoitia, Elgoibar, Legazpi eta Zarautzen esaterako. PSEko zinegotzien babesa edo abstentzioa ezinbestekoak izango dira, jeltzaleek gobernuari eusteko.

Hala ere, udalerri horietan guztietan bigarren aukera EH Bildu litzateke, baina sozialisten babesa beharko luke koalizioak EAJri alkatetzak kentzeko, eta hori nekez gertatuko da.

Era berean, Donostian, ezkerreko alderdien arteko itun posible batek soilik (EAH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos) ken diezaioke Alkatetza Eneko Goiari. Alkategai jeltzaleak sozialisten abstentzio bakarrarekin nahikoa du ekainaren 15ean agintea makila hartzeko.

Irunen agertokia oso bestelakoa; izan ere, EAJ-PSE ituna hautsi zen iragan legealdian, Jose Antonio Santano alkate sozialistaren eta Xabier Iridoy bozeramailea jeltzalearen arteko tirabira gogorren ondorioz.

Biak berriz aukeratu dituzte herritarrek. Santanok 10 zinegotzi izango ditu, Iridoyk 2 gehiago erdietsi eta 7 izango ditu, Elkarrekin Podemosek 4 eskuratu ditu, EH Bilduk 3 eta PPk 1.

Santano kanporatzeko EH Bildurekin eta Podemosekin gehiengo alternatibo bat osatzea planteatu dezake EAJk Gipuzkoako bigarren hirian, sozialisten gotorleku historikoan, baina mugimendu horrek ondorio larriak izan ditzake gobernagarritasun akordio orokor bat ixteko orduan.

Alonsotegi (Bizkaia). Argazkia: Imanol Aragon

Bizkaian, EAJren eta PSE-EEren arteko akordioak gobernua bermatuko luke lurraldeko udal garrantzitsu gehienetan, batez ere handienetan eta hirietan. Gehienetan EAJ bozkatuena izan da, Portugaleten eta Ermuan izan ezik, non sozialistek lortu dute garaipena.

Itunak jeltzaleei Alonsotegiko Alkatetza emango lieke, 3.000 bizilaguneko udalerria eta Iñigo Urkullu lehendakariaren sorterria. EH Bilduk boto kopururik handiena lortu du bertan. Akordioa ez litzateke herri gehiagotara zabalduko, sozialistek presentzia txikia baitute landa-gunean.

EAJk EH Bilduri Abadiñoko (7.500 biztanle) Alkatetza kentzeko aukera du, jeltzaleen eta independenteen arteko akordioa berriz errepikatzen baldin bada.

Aldiz, Elkarrekin Podemosen babesak EH Bilduri Durangoko (28.000 biztanle baino gehiago) eta Elorrioko (7.000 biztanle) alkatetzak emango lizkioke, nahiz eta EAJk garaipena lortu. Era berean, Galdakaon (ia 30.000 bizilagun) Metroa eskatzen duen hautagaitza independenteak koalizioarekin bat eginez gero, EAJk udal gobernua gal dezake.

Araban, EAJ-PSE itunak PP Guardiako Udaletik kendu dezake, nahiz eta orain arte Alderdi Popularraren gotorlekua izan.

PPk indarrik bozkatuena izaten jarraitzen du, baina zinegotzi bat galdu eta 4tik 3ra pasa da.

EAJk, 3 zinegotzirekin, Alkatetza bereganatu dezake, PSEren beste zinegotzi baten babesa lortuz gero.

PP kentzeko, EAJk EH Bilduko bi zinegotzien babesa jasotzea beste aukera bat da.

Iruzkinak

    • BILATZAILEA

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena