Mundua -

BREXIT-AREKIN BUELTAKA

Brexita urtarrilera arte atzeratzea eskatu du Johnsonek, ados egon ez arren

Britainia Handiko lehen ministroak bi gutun igorri zizkion atzo Europako Kontseiluko presidenteari: batean, atzerapena eskatu zion, eta bestean, atzerapenak denei "kalte" egingo ziela ohartarazi zion.

Boris Johnson atzo, Britainia Handiko Parlamentuan. Argazkia: EFE
Boris Johnson atzo, Britainia Handiko Parlamentuan.
Boris Johnson atzo, Britainia Handiko Parlamentuan. Argazkia: EFE

1:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brexitaren ika-mikak aurrera jarraitzen du. Atzo, ezohiko bilkura egin zuten Komunen Ganbaran, 37 urtetan lehen aldiz, aste honetan Erresuma Batuak eta Europar Batasunak Brexitaren inguruan lortutako akordioa bozkatzeko. Baina bozketa hori ez zen egin. Horren ordez, Brexitaren akordioa garatzeko beharrezkoa litzatekeen legedia onartu arte bozketa hori atzeratzea proposatu zuen Ganbarak. Lege hori garatzeak denbora beharko duenez, Johnson Brexitaren atzerapena eskatzera behartu zuen, beraz, atzo hartutako erabakiak, lehen ministroa bera kontra egon arren.

Gauzak horrela, Johnsonek bi gutun bidali ditu azken orduetan Europako Batasunera. Lehenengoa sinatu gabe bidali du eta bertan, prozesuaren atzerapena eskatzen du.

Tuskek Twitter bidez jakinarazi du jaso duela gutuna eta kontsulta erronda hasiko duela iragarri du, erantzun bat emateko.

Gutun horri bigarren gutun bat ere gehitu dio Britainia Handiko lehen ministroak, sinatuta, atzerapena "akatsa" litzatekeela esanez. Gainera, bigarren gutun honetan Europako Batasuneko buruzagiei eskatzen die Komunen Ganbarari presioa egin diezaiotela hartutako erabakia berraztertu dezaten eta Erretiratzearen Akordioaren azken bertsioa bozkatu dezaten.

"Ez dut Europako Batasunarekin atzerapen bat negoziatuko" dio bigarren gutun horretan, Sky News kateak jaso duenez. Izan ere, Brexitaren atzerapenak bai Europar Batasunari bai Erresuma Batuari "kalte" egingo liekeela uste du Johnsonek.

Ildo horretan, "Gobernuak aurrera jarraituko duela" ohartarazi du eta "behar den legedia prest izango dela hurrengo asterako" iragarri du. "Konbentzituta nago urriaren 31rako amaituko dugula prozesu guztia" idatzi du.

Hala, Brexitaren amaierara lehenbailehen iristeko deia egin du Britainia Handiko lehen ministroak, "hurrengo fasera igarotzeko", eta Erresuma Batua eta Europa "bizilagun eta lagun" gisa lotuko dituen istorio "luze" baten "oinarriak" jartzeko.

"Litekeena da, gainera, Europar Batasuneko gure lagunek ezezkoa ematea atzerapenaren eskaerari edo erabakia berehala ez hartzea" hausnartu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita Zer da Brexita