Politika -

Eusko Legebiltzarra

Hezkuntza Legea onartu dute Legebiltzarrean, euskal hezkuntza sistema datozen 20 urteetan arautuko duen testua

EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin bakarrik atera da aurrera, oposizioko talde guztiek kontra bozkatu baitute.

Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak gaur onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legea, euskal hezkuntza sistema datozen 20 urteetan arautuko duen testua. Aurreikuspenak bete dira eta EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin bakarrik atera da aurrera, oposizioko talde guztiek (EH Bildu, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza kontra bozkatu baitute.

Gaurko osoko bilkuran, oposizioko talde parlamentarioek araua kritikatu dute.

Jose Manuel Gil Ciudadanoseko legebiltzarkideak adierazi duenez, gaur onartutako Hezkuntza Legea "txarra" da eta aurrekoa "hobea" zela aldarrikatu du. Gaineratu duenez, testua "kutsatuta" dago EH Bilduren zuzenketekin eta uste du hobe izango zela "prozesu berri bat" abiatzea.

Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkide bakarraren esanetan, koalizio gobernuaren Hezkuntza Legea da, "berea bakarrik", nahiz eta EAJk eta PSE-EEko EAEko herritarren erdia baino apur bat gehiago ordezkatzen duten.

Carmelo Barriok (PP) azpimarratu du lege "txarra" eta "negatiboa" izango dela, benetako hezkuntza beharrak beteko ez dituela iritzita. Horren ustez, ikasle euskaldunei eta baliabide ekonomikoak dituztenei bakarrik bermatuko die arrakasta. "Ez da Hezkuntza Lege bat, hizkuntza politikako lege bat baizik", gehitu du.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza talde parlamentarioko bozeramailearen arabera, euskal hezkuntza sistema hobetzeko "aukera galdu" da, sistemaren arazoei aurre egin beharrean "betikotu" egingo dituelako. "Europako hezkuntza sistemarik pribatizatuena daukagu eta betikotu egingo du segregazioa", gaineratu du.

Maria Jesus San Jose PSE-EEko legebiltzarkidearen iritziz, sozialistek tinko eutsi diete beren eskariei, eta hezkuntza eraikuntza nazionalera bideratzea eragotzi dute.

EH Bildutik Ikoitz Arrese legebiltzarkidearen arabera, koalizio gobernuaren "porrota" da legea EAJren eta PSE-EEren botoekin bakarrik onartzea. Halaber, EH Bildu Hezkuntza Legearen testutik "baztertu" dutela kritikatu du.

Gorka Alvarez EAJren talde parlamentarioaren izenean esan du gaurkoa "egun garrantzitsua" dela euskal hezkuntza sistemarentzat, lege berriak "datozen hamarkadetako hezkuntza erronkei aurre egiteko bidea errazten duelako". Gainera, EH Bilduri erantzun dio "gustatu ala ez" lege hori beraiekin adostutakoa dela.

Luzea izan da legeak egindako bidea, baita malkartsua ere. 2022ko apirilaren 7an Eusko Legebiltzarrak etorkizuneko Hezkuntza Legearen oinarriak onartu zituen, hezkuntza ituna sinatu zuten lau taldeen aldeko botoei esker (EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU). PP, Ciudadanos eta Vox hasieratik agertu ziren legearen kontra, "nazio eraikuntzarako" erabili nahi zela argudiatuta.

Legebiltzarreko tramitazioaren hasieran adostasun maila handia bazen ere, bidean babesak galtzen joan da lege testua. Elkarrekin Podemos-IU izan zen akordiotik kanpo geratzen lehena, eta ituna haustea egotzi zion Jaurlaritzari. Azken hilabeteotan heldu da EH Bilduren ezezkoa, EAJk eta PSE-EEk araudiaren hitzaurrean hizkuntza ereduei buruz sartu duten aipamena tarteko. Hala, oposizioak salatu du legeak hizkuntza ereduak betikotzen dituela eta hezkuntza publikoa lehenesten ez duela. 

Gasteizko ganberatik kanpo, Kontseilua, Eskola Publikoaz Harro, eta euskalgintzako beste eragile batzuk ere azaldu dira legearen kontra. Hain justu, Euskal Herrian Euskaraz eta Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeek elkarretaratze bana egin dute Legebiltzarraren atarian.

Hezkuntza legeak gutxienekoa bermatzen ez duela salatu du EHEk
Hezkuntza legeak gutxienekoa bermatzen ez duela salatu du EHEk
Hezkuntza legeak gutxienekoa bermatzen ez duela salatu du EHEk

0:26

Euskal Eskola Publikoaz Harro elkarretaratzea egin du Hezkuntza lege ''txerriaren'' aurka
Euskal Eskola Publikoaz Harro elkarretaratzea egin du Hezkuntza lege ''txerriaren'' aurka
Euskal Eskola Publikoaz Harro elkarretaratzea egin du Hezkuntza lege ''txerriaren'' aurka

0:14
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Hezkuntza legea berriak Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Euskal Eskola Publikoa albisteak Alderdi politikoak Gizartea EH Bildu PSE-EE PP Gipuzkoa Ciudadanos Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hezkuntzako albisteak 2024 Vox