Gizartea -

HEZKUNTZA

Eusko Legebiltzarrak Hezkuntza lege berrirako oinarriak onartu ditu

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk alde bozkatu dute; PP+Cs-ek eta Voxek, aldiz, kontra.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura bateko irudia. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura bateko irudia
Eusko Legebiltzarrak Hezkuntza lege berrirako oinarriak onartu ditu

0:41

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak gaur eman dio argi berdea hezkuntza akordioari, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza lege berria idazteko oinarri gisa hartuko denari. Zehazki, Eusko Legebiltzarraren % 90,6ren babesa jaso du (talde guztiak, PP+Cs eta Vox izan ezik).

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk martxoaren 18an adostu zuten hezkuntza ituna, eta aipaturiko alderdiek gehiengo zabala dutenez (75 eserlekuetatik 68) gaurko bozketan aurrera atera da, PP+Cs-ek eta Voxek kontrako botoa eman arren.

Hezkuntza itunaren baitan, besteak beste, euskal hezkuntza "euskara ardatz duen sistema eleaniztun" gisa egituratzea eta eskola publikoaren pisua indartzeko eta segregazioari aurre egiteko hainbat neurri hitzartu zituzten.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua "eskertuta" azaldu da gaur, Eusko Legebiltzarrak hezkuntza lege berrirako oinarriak onartu berritan. "Legebiltzarrak lezioa eman digu gaur; Sailak ahalik eta leialtasun handienarekin beteko du agindua", nabarmendu du.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Hezkuntza lege berriaren oinarriak

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Hezkuntzako itunaren testu osoa 

Osoko bilkura 09:30ean hasi da, eta lehen puntuan bozkatu dute hezkuntzaren inguruko akordioa.

Eztabaidan zehar, talde parlamentarioek orain arte gaiari buruz erakutsitako jarrerak berretsi dituzte. Leixuri Arrizabalaga EAJko legebiltzarkidea pozik agertu da dokumentuak Legebiltzarraren ia % 91ren babesa jaso duelako, eta eskerrak eman dizkie hori posible egin duten guztiei. "Gure hezkuntza sistema hobetzeko aukera genuen eta lortu dugu", azpimarratu du. Dena dela, nabarmendu du gaur ez dela ezer amaitzen, "hau lehen geltokia da", eta aurrerantzean ere zintzotzasunez, prestatutasunez, elkarrizketaren bidetik jarraitzeko deia egin du.

Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak esan du "akordio historikoa" dela, besteak beste, "maximalismoak" alde batera uzten jakin izan dutelako. Arresek onartu du ez dela % 100ean EH Bilduk nahi zuen akordioa, baina hala ere akordio ona dela uste du: "lor genezakeen akordiorik onena da". Gaineratu duenez, euskal hezkuntza sistema burujabe batera bidean pauso bat da. Halaber, EH Bilduk Hezkuntza Lege berria idazteko prozesua ahalik eta parte-hartzaileena izateko konpromisoa bere egiten duela adierazi du.

PSE-EEren izenean hitz egin duen Eneko Andueza ere pozik mintzatu da eta hezkuntza akordioaren alde lan egin duten legebiltzarkide guztiei eskerrak emanez hasi du bere hitzaldia. Ordezkari sozialistaren arabera, "euskal gizarteari desberdintasunetatik harago, akordioa posible dela erakusteko eguna da". Haren esanetan, "gaurkoa ez da helmuga, irteera baizik", baina garrantzitsua da akordio batekin abiatzea. Era berean, helburua Hezkuntzako legerik onena izatea dela esan du.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak aitortu du akordioa ez dela "perfektua", baina pozik agertu da sare publikoa "ardatz" izango duen eta segregazioari aurre egingo dion hezkuntza sistema eraldatzeko eman diren aurrerapausoengatik. Lehen pausoa dela berretsi du, baina zehaztu du koalizioa adi egongo dela dokumentuan jasotako puntuak betetzen direla ziurtatzeko. Amaitzeko, eskerrak eman dizkie akordioa ahalbidetu duten pertsona guztiei, hezkuntza komunitateari eta Hezkuntzako sailburuari.

PP+Cs taldearen aldetik Jose Manuel Gilek hitz egin du. Haren esanetan, testuak Eusko Legebiltzarraren % 90aren baino gehiagoren babesa izan arren, "inposaketa" bat da  "herrialdearen zati bat kanpoan uzten duelako". Gainera, hezkuntza "nazio eraikuntzaren" eta "euskararen inposaketaren" zerbitzura jarri nahi izatea deitoratu du. Bestalde,  bere taldearen proposamenetako bat bera ere aintzat hartu ez izana aurpegiratu die akordiora batu diren taldeei. Kontuak kontu eta aurkako botoa eman arren, bere taldeak hitz egiteko eta negoziatzeko borondatea duela adierazi du.

Bestalde, Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak esan du "ultraeskuindarren eta komunisten" eta Eusko Jaurlaritza babesten duten alderdien arteko "trukearen" ondorioa dela gaur bozkatu duten testua. Aurrez PP+Csek egin bezala, bere taldearen ekarpen bakar bat ere ez dela jaso salatu du. Hala ere, lanean jarraituko duela iragarri du.

Steilas sindikatuak lau orduko lanuzteak deitu ditu hezkuntza itunaren aurka

Steilas sindikatuak lau orduko lanuztea deitu du (07:30-11:30) ikastetxe publiko guztietan eta Haurreskolak Partzuergoan, eta ESK sindikatuak ere bat egin du deialdiarekin. Halaber, elkarretaratzea egin dute Legebiltzarraren atarian.

Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataformak protesta egin du Eusko Legebiltzarraren aurrean
Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataformak protesta egin du Eusko Legebiltzarraren aurrean
Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataformak protesta egin du Eusko Legebiltzarraren aurrean

0:43
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Araba Hezkuntza legea berriak Eusko Legebiltzarra bideoak EAE albisteak Alderdi politikoak berriak Gizartea EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE Euskadiko PP bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Euskadiko Podemos-eko albisteak Hezkuntza