Gizartea -

Hezkuntza

Akordio historikoa itxi dute EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk Hezkuntza Legearen inguruan

Litekeena da akordio politikoa martxoaren 28an berrestea Legebiltzarreko batzordeak, apirilaren 7ko osoko bilkuran behin betiko onartzeko. Urteko bigarren seihilekoan indarrean sartuko den Hezkuntza Legeko oinarria izango da.

Akordioa itxi duten legebiltzarkideak. Argazkia: EITB Media
Akordioa itxi duten legebiltzarkideak. Argazkia: EITB Media
Akordioa itxi duten legebiltzarkideak. Argazkia: EITB Media

0:51

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk akordio historikoa itxi dute Hezkuntza Legearen inguruan, EiTB Mediak jakin ahal izan duenez. Horrela, indar politikoek legearen oinarriak adostu dituzte.

Akordioaren ondorioz, Hezkuntza Legeak ia erabateko babesa izango du Eusko Legebiltzarrean, ordezkarien % 90ek babestuko dutelako.

Leixuri Arrizabalaga (EAJ), Ikoitz Arres (EH Bildu), Jose Antonio Pastor (PSE-EE) eta Iñigo Martinez (Elkarrekin Podemos-IU) legebiltzarkideek agerraldia egin dute hedabideen aurrean, akordioaren ikur gisa. Ondoren lantaldea berriro bildu da, zuzenketak bozkatzeko.

Litekeena da akordio politikoa martxoaren 28an berrestea Legebiltzarreko batzordeak, apirilaren 7ko osoko bilkuran behin betiko onartzeko. Urteko bigarren seihilekoan indarrean sartuko den Hezkuntza Legeko oinarria izango da. 1993ko araudia ordezkatuko du lege berriak.

Puntu asko jasotzen ditu bere baitan  dokumentuaj, baina abiapuntuan sistema bera dago, euskal hezkuntza zerbitzua emango duten ikastetxeek osatutakoa, publikoak zein itunpekoak. Finantzazio publikoa jasoko dute denek, baina baldintza batzuk beteta: sexu bereizketarik ez dute egingo, laikotasuna errespetatuko dute eta kuotarik kobratu gabe ikasle zaurgarrienak onartuko dituzte. Ikuskaritzak egingo dira hori bermatzen dela ziurtatzeko.

Eta azken orduetan eztabaida eragin duen hizkuntza ereduari dagokionez, berriz, euskara ardatz izango duen proiektu eleanitzaren alde egiten da, bi hizkuntza ofizial eta gutxienez atzerriko beste baten bidez artikulatuz. Ikastetxe bakoitzak prestatuko du, ingurunea kontuan hartuta, bere hizkuntza proiektua, eta bermatu beharko da derrigorrezko ikasketak amaitzerakoan euskaraz zein gazteleraz B2 maila izatea. Atzerriko hizkuntzan, B1 maila.

Testuak jasotzen duenez, bestalde, eskola publikoaren aldeko plan estrategikoa ere egingo da, langile kopurua handitu eta  horien egoera egonkortuz, azpiegiturak hobetuz eta zentro berriak eraikiz. Halaber, irakaslegoari gomendatuko zaio C1 plus maila izatea. Ez da baldintza izango, baina hori lortzeko neurriak sustatuko dira.

Haurreskolak, berriz, doakoak izatera igaroko dira, gaur adostutako testuaren arabera

Alderdien balorazioak

Lantaldean zuzenketak bozkatu ondoren, indar politikoen ordezkariek agerraldia egin dute, itunaren balorazioa egiteko.

Ganberaren % 91k kalitatezko hezkuntza eleanitz eta inklusiboaren ikuspegia babestea goraipatu du Leixuri Arrizabalaga EAJko legebiltzarkideak, baita eskola publikoa aitortzea, euskara ardatz duela, ikasleak gaitasunetan eta balioetan hezitzeko ere.

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak "herri akordioaz" hitz egin du, sisteman premiazkoak diren aldaketak egiteko atea zabaltzen delako. Iriarteren ahotan, talde politikoek lan egiteko modu "berria" jarri dute martxan, adostasuna lortu ahal izateko. Ikoitz Arrese koalizioko legebiltzarkideak sistema laikoa onartu dela azaldu du. Arreseren esanetan, eskola segregazioren aurkako ituna da, eta sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeak ez direla finantzatuko nabarmendu du.

Publikoa indartu, aukera berdintasuna bermatu "eta ikastetxe pribatuekin gatazka elikatzen ez duen" akordio zabala azpimarratu du Jose Antonio Pastor PSE-EEko ordezkariak. Hala ere, itunpeko zentroei baldintza batzuk jartzen zaizkiela gogorarazi du. Bestalde, marko eleanitzaren aldeko apustua nabarmendu du sozialistak, bi hizkuntza ofizialei "tresna izaera aitortuz, baina euskarari lehentasunik kendu gabe".

Azkenik, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko Legebiltzarreko bozeramaileak  hezkuntzan "herri akordioa" ixtearen garrantzia azpimarratu du, eta Eusko Jaurlaritza "hasierako planteamenduetatik mugitzea" lortzea urrats garrantzitsutzat jo du.  Iñigo Martinez koaliziokideak, berriz, pulikotasunaren alde egin den apostuan jarri du azpimarra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Hezkuntza legea Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Eskola Publikoa Gizartea EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hezkuntza Sindikatuak