Politika -

Memoria historikoa

Gernika memoria toki izenda lezakete, Ezkabako gotorlekuarekin eta Cumbre jauregiarekin batera

Memoria Demokratikoaren Espainiako Legeak "errepresioarekin eta indarkeriarekin" lotura berezia duten lekuen inbentario bat egitea aurreikusten du. Iruñetik gertu dagoen Ezkabako gotorlekua eta Donostiako Cumbre jauregia zerrendan egongo dira, legeak hala ezarri baitu.

Horrela utzi zuten bonbardaketa faxistek Gernikako herria. Argazkia: Gernikako Bakearen Museoa
Horrela utzi zuten bonbardaketa faxistek Gernikako herria.
Horrela utzi zuten bonbardaketa faxistek Gernikako herria. Argazkia: Gernikako Bakearen Museoa

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gernika-Lumo (Bizkaia), biztanleriaren kontra egindako sarraskien nazioarteko sinboloetako bat, memoria demokratikoko leku izenda lezakete, irailean indarrean sartuko den Memoria Demokratikoaren Espainiak Legeak ezarritakoaren arabera. Araudia uztailean onartu zuten Kongresuan, besteak beste, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin, eta, Senatutik igaro ostean, aurki sartuko da indarrean. 

Iruñetik gertu dagoen Ezkabako gotorlekua, frankismo garaian preso errepublikarren kartzela izandakoa, eta Donostiako Cumbre jauregia, Lasa eta Zabala torturatu zituzten lekua, hala izendatuko dituzte EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak lortutako akordioari esker.

Litekeena da Gernika bera ere zerrenda horretara batzea. Izan ere, Memoria Demokratikoaren Legeak, beste hainbat neurriren artean, herritarren kontrako "errepresioarekin eta indarkeriarekin" harremana duten garrantzi bereziko lekuen inbentarioa osatzea aurreikusten du. Asmoa da lekuon garrantziaren berri ematea eta memoria historikoa aldarrikatzea; gainera, funtzio didaktikoa emango diete. Nafarroako eta Gipuzkoako aipatutako horiez gain, Erorien Harana (aurrerantzean Cuelgamuros harana izendatuko dute) eta Salamancako Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentroa daude erregistro horretan. 

Araudi berriaren arabera, 1936ko estatu kolpearen, Gerra Zibilaren, diktadura frankistaren edota erbestearen ondorioz, "herritarren kontrako errepresioa edo indarkeriaren gune izan diren lekuak, eraikinak, paisaiak edota kultura ondasun ez-materialak izango dira memoria demokratikoaren lekuak. Tokiok "balio demokratikoak berreskuratu eta horietan sakontzeko" gako izango dira, legeak jasota duenez. 

Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzari dagokio tokiok izendatzea. Biktimen senitartekoek, memoria historikoko elkarteek eta erkidegoek proposamenak egin ahalko dituzte. 

Emilio Silva Memoria Historikoa Berreskuratzeko elkartearen presidenteak EFE albiste agentziari azaldu dionez, Espainiako Estatuan leku askok izan behar dute memoria demokratikoko lekuak. Are gehiago, gogorarazi duenez, erkidego batzuek memoria historikoaren inguruko legeak dituzte dagoeneko, eta hainbat leku izendatuta daude. 

Hori da Nafarroaren kasua. Foru Erkidegoa aitzindaria izan zen Memoria Historikoaren legea onartzen, 2013an.

13 Memoria Toki Nafarroan

2019tik, bereziki babestutako 13 toki ditu Foru Erkidegoak. Hala nola, Sartagudako Memoriaren Parkea, Otsoportilloko leizea, Olabeko hilobia, Igari eta Bidankoze arteko errepidea, Erreniegako Hilobien Memoriagunea edota Azkoiengo emakume errepresaliatuen memoriarako eskultura.

Euskal Autonomia Erkidegoak ere Memoria Historikoaren Legea izango du aurki, gaur egun Legebiltzarrean izapidetzen ari baitira. Lege proiektuak memoria leku izenda daitezkeen leku, ibilbide edo espazioak aurreikusten ditu, baina gerora gauzatu beharko den araudi baten menpe egotea ezarria du.

Dena dela, gauza ziurra da Gernika-Lumo zerrenda horretan egongo dela. Condor Legioak eta Italiako hegazkin faxistek duela 85 urte bonbardatu zuten Bizkaiko udalerria. 1.645 pertsona hil eta 889 zauritu zituzten, eta udalerriko eraikinen % 70 suntsituta geratu ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gernikako bonbardaketa Politika Donostia Iruñea Nafarroa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Gernika-Lumo Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Frankismoa Azkoien Memoria Historikoa