Politika -
Txertaketa Santa Marinan
EH Bildu: "Sagarduik gezurra esan duenaren zantzuak gero eta nabarmenagoak dira"
"Karguan jarraitzeko baldintzetan dagoen pentsatu eta gogoeta egin beharko du", adierazi du Rebeka Ubera legebiltzarkideak. Bestalde, sailburua kargutik kentzeko eskatu dio Iturgaizek Urkulluri.
E. L. | EiTB Media
Santa Marina ospitaleko txertaketa planaren harira, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak "gezurra esan" duenaren "zantzuak gero eta nabarmenagoak" dira, EH Bilduk esan
Sailak ospitaleetako langile guztiei txertoa jartzeko baimenik ez duela eman esan zuen Sagarduik kazetarien aurrean, ostiralean, Rebeka Ubera koalizioko legebiltzarkideak ohar batean gogorarazi duenez, Jose Luis Sabas Santa Marina ospitaleko zuzendari ohiak Osakidetzak txertaketa masiboaren berri zuela ziurtatu ondoren.
Protokoloa errespetatu barik covidaren aurkako txertoa hartu zuela jakitera eman ondoren, dimisioa eman behar izan zuen Sabasek. Zuzendari ohiaren ahotan, ospitalean txertaketa “masibo” bat egiteko asmoa zuela jakinarazi zien Osakidetzako agintariei, eta haien oniritzia jaso zuen.
Langile guztiei txertoa jartzeko asmoa Sagarduiri ere agertu ziola erantsi du Sabasek, eta Osasun Sailetik ez zioten inolako oztoporik jarri, zenbat txerto behar zituen galdetu baino ez.
“Osakidetzak Santa Marina ospitalean behargin guztiei txertoa jartzeko egitasmoaren berri zuela baieztatzen baldin bada, Sagarduik egia esan ez duela egiaztaturik gertatuko da eta, ondorioz, Osasun sailburua izaten jarraitzeko baldintzak betetzen dituen hausnartu eta pentsatu beharko du, karguan jarraitzeko baldintzetan ote dagoen”, adierazi du Uberak.
Sagarduik Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean agerraldia egitea “premiazkoa eta ezinbestekoa” dela uste du legebiltzarkideak, gertatutakoaren berri emateko, dagoeneko EH Bilduk iragan ostegunean eskatu bezala.
Kasu horietan Ganberako araudiak aurreikusitako bidea dela esan du Uberak: “oposizioaren eskubideak bermatzen dituena”. EAJk eta PSE-EEk “bide ofizialak bihurritzeko tentaldia” izan dezakete, Sagarduik asteazkeneko Osasun batzordean azalpenak eman ditzan, horrela “oposizioaren parte-hartzea mugatuz”, ohartarazi duenez.
“EH Bilduk mota horretako azpikeriarik ez du onartuko. Gaia oso larria da eta Legebiltzarrak seriotasun eta berme guztiekin heldu behar dio, herritarrek informazio guztia eta gardentasun osoa merezi dituztelako”, nabarmendu du.
Bestalde, Osasun sailburua kargutik kentzeko eskatu dio Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidenteak Iñigo Urkullu lehendakariari, “EAJko kargudunek” txertoa hartu ondoren, milaka osasun profesionalentzako dosiak falta direnean.
Sailburuak “bere adierazpenetan gezurra esan” zuela uste du Iturgaizek. “Urkulluk ezin du isilik jarraitu, minutu bat gehiago ez”, gaineratu du Twitter sare sozialean.
“Txerto faltagatik osasun langile askok dosirik hartu gabe, eta EAJko kargudunek eta lehendakariaren aholkulari batek dosiak hartuta”, salatu du Iturgaizek.
Iturgaizen hitzetan, gertatutakoa “eskandalu bat da”, eta sailburua “kargutik kendu behar dute”.