Politika -
Koronabirusa
Urkulluk koronabirusaren kudeaketaren berri emango dio berriro Eusko Legebiltzarrari
Lehendakariak "eskura dagoen informazio guztia eguneratu" eta Jaurlaritzaren kudeaketari buruzko azalpen guztiak "gardentasunez" eman nahi dizkie legebiltzarkideei.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean beste agerraldi bat egiteko eskaera egin zuen Iñigo Urkullu lehendakariak atzo, asteazkenarekin, COVID-19 gaitzak eragindako pandemiaren aurrean Eusko Jaurlaritzak azken bi asteetan hartutako erabakien berri emateko.
Diputazio Iraunkorraren, Legebiltzarra deseginda dagoenean hura ordezkatzen duen erakundearen, Mahaiak bilera telematikoa egingo du gaur, ostegunarekin, 10:30etik aurrera, eskari hori aztertu eta, hala badagokio, data ezartzeko.
Apirilaren 2ko agerraldiaren ostean, "eskura dagoen informazio guztia eguneratu" eta bere gobernuaren kudeaketari buruzko azalpen guztiak "gardentasunez" eman nahi dizkie Urkulluk Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden taldeei, "osasun arloko mundu mailako krisi honen aurrean", Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez.
Gauzak horrela, Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean azalpenak emateko eskaera lehendakariak berak egin du, eta ez talde batek, Jaurlaritzak nabarmendu duenez.