Gizartea -
Gastronomia
Repsol Gidak Mungiako Bakea, Donostiako Narru eta Hondarribiko Laia saritu ditu bina Eguzkirekin
Gainera, zortzi euskal jatetxe estreinatu dira Eguzki bakarrarekin: Muka (Donostia), Iriarte (Berrobi) eta Casa Camara (Pasaia) gipuzkoarrak; Amaren (Bilbo) eta Mendi Goikoa Bekoa (Atxondo) bizkaitarrak; Karmine (Gasteiz) arabarra; eta El Choko de Remigio (Tutera) eta Koku (Iruñea) nafarrak.
EITB Media
Repsol Gidak bina Eguzki eman dizkie Mungiako Bakea (Bizkaia) eta Donostiako Narru jatetxeei, eta Hondarribiko Laia Erretegiari (Gipuzkoa).
Gainera, zortzi euskal jatetxe estreinatu dira Eguzki bakarrarekin: Muka (Donostia), Iriarte (Berrobi) eta Casa Camara (Pasaia) gipuzkoarrak; Amaren (Bilbo) eta Mendi Goikoa Bekoa (Atxondo) bizkaitarrak; Karmine (Gasteiz) arabarra; eta El Choko de Remigio (Tutera) eta Koku (Iruñea) nafarrak.
2025eko zerrenda kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoeneko (EAE) 73 jatetxe saritu dituzte, guztira: zortzi hiru Eguzkirekin, 22 bi Eguzkirekin eta 43 Eguzki bakarrarekin.
Bestalde, Baga jatetxeko (Jaen) Pedro Sanchez eta La Finca jatetxeko (Elx, Alacant) Susi Diaz sukaldariek hiruna Eguzki jaso dituzte.
Sari banaketa ekitaldia gaur egin da Tenerifeko Guimera Antzokian, eta bertan izan dira Kanaria Uharteetako Gobernuko presidente Fernando Clavijo, Cabildoaren presidente eta presidenteorde Rosa Davila eta Lope Afonso, eta Repsolen presidente Antonio Brufau.
Toni Acosta aktoreak eta Lorena Castell aurkezleak gidatu dute zeremonia, Alberto Chicote, Paco Roncero, Elena Arzak eta Toño Perez sukaldarien laguntzarekin.
Eguzki batekin gidan sartzen diren jatetxeen artean, Repsol Gidak nabarmendu nahi du "gero eta sukaldari gazte gehiagok egiten dutela apustu menu gastronomiko laburragoen eta prezio merkeagoan partekatzeko pentsatutako karten formularen alde", antolatzaileek oharrean azaldu dutenez.
Goi-sukaldaritzako proposamenak dira, bezeroak maizago mahaietara itzul daitezen eta zazpi edo zortzi paseko menua eskatzeko aukera izan dezaten bilatzen dutenak; menu hori, kasu askotan, ez da 40 edo 50 eurotik gorakoa izaten; edo, bestela, unean uneko eta lagunen arabera, kartaren bidez dastaketa bat osatzea.
Repsol Gidako "Eguzkien unibertsoak" 789 jatetxe ditu guztira (44 hiru eguzki, 176 bi eguzki eta 569 eguzki bat), eta 1.488 gomendatuta (208 nobedade) ditu.
Kataluniak (115), Madrilek (102), Andaluziak (77), EAEk (73), Valentziak (65) eta Gaztela eta Leonek (58) lortu dituzte sari gehien.