Gizartea -

UNIBERTSITATEA

17.469 ikaslek egingo dituzte unibertsitatera sartzeko azterketak Hego Euskal Herrian

Nafarroan, probak ekainaren 4tik 6ra bitartean egingo dira, eta nabarmentzekoa da ia bikoiztu egin dela ikasle kopurua azken hamarkadan. EAEn, berriz, egun bat beranduago hasiko dira azterketak; ekainaren 5etik 7ra, eta 13 433 ikasle daude deituta, 2023koaren antzeko kopurua.

EITB MEDIA
EITB MEDIA
EITB MEDIA

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasi da atzerako kontaketa milaka ikaslerentzat. Datozen egunetan ospatuko dira Unibertsitatera Sartzeko Ebaluaziorako (USE) azterketak, eta Hego Euskal Herrian 17.469 ikaslek egingo dituzte probak, 4.036k Nafarroan eta 13.433k EAEn.

Aurrena Foru Erkidegoko ikasleen txanda izango da, azterketak ekainaren 4tik (asteartea) 6ra (osteguna) egingo baitira Iruñeko eta Tuterako unibertsitateetan, eta notak ekainaren 12an emango dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoan egun bat geroago hasiko dira azterketak, asteazkenean, eta ostiralera arte, ekainaren 7ra arte luzatuko dira. Kasu honetan emaitzak hilaren 13an argitaratuko dira, eguerdiko 12:00etan.

Aipatzekoa da Nafarroan matrikula etengabe hazi dela azken urteotan, eta aurten marka guztiak hautsi dituela; izan ere, lehen aldiz gainditu du 4.000 ikasleko muga, duela hamarkada bateko kopurua ia bikoiztuz. Izena eman dutenen % 92 Batxilergotik dator, eta % 8 baino ez erdi-mailako heziketa-zikloetatik. Emakumeek gehiengoa izaten jarraitzen dute, % 59, eta probak gaztelaniaz egiten dituztenak ere euskarazkoak baino gehiago dira ( % 74,5).

Euskadiri dagokionez, datuak 2023koaren antzekoa dira, (orduan 32 ikasle gutxiagok eman zuten izena). Ikasle guztietatik, 12.073 Batxilergokoak dira, 849k LHko Goi Mailako Heziketa Ziklo bat burutu dute, hau da, % 4 gehiago; eta 511 aurreko ikasturteetako ikasleak dira, nota igotzeko ikasgai espezifikoetara aurkezten direnak, EHUk jakitera eman duenez.

Lurraldez lurralde aztertuta, 1.762k Arabako Campusean egingo dute proba, 6.291k Bizkaikoan eta 4786k Gipuzkoakoan, eta beste 83 ikaslek ez dute esleitutako campusik.

Hizkuntzari dagokionez, batxilergoko ikasleen % 77,21ek (9.322 ikasle) euskaraz egingo du proba, eta % 22,79k (2.751) gaztelaniaz; Lanbide Heziketako ikasleen % 55,48k (471) euskaraz egingo du proba, eta % 44,52k (378) gaztelaniaz. Sexuen arabera, % 57,84 (7.474) emakumeak dira eta % 42,16 (5.448) gizonak.

Bestalde, Unibertsitateak egokitzapenak egingo ditu hezkuntza-premia bereziak dituzten 703 ikaslerentzat (% 17,6 gehiago).

Bai Foru Erkidegoan, bai Euskaldin, azterketa eredua azken lau urteetako bera izango da, hau da, 2020an pandemiarekin aplikatu zen formula bera errepikatuko da.

Berrikuntza gisa, aurten ikasleek Espainiako Historiaren azterketa edo Filosofiaren Historiarena egin aukeratu beharko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Deustuko Unibertsitatea Nafarroako Unibertsitatea Nafarroako Unibertsitate Publikoa Mondragon Unibertsitatea Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Gazteak