Gizartea -

Alerta laranja

Tenperatura maximoak 34 ºC ingurukoak izan daitezke gaur kostaldean eta 40 ºC ingurukoak barnealdean

Gainera, Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du baso-sute arriskuagatik eta galerna arriskuagatik. Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak agerraldia egingo du 11:30ean.

Termometroek 40 °C-ren gainetik egingo dute gaur. Artxiboko argazkia: EFE
Termometroek 40 °C-ren gainetik egingo dute gaur.
Termometroek 40 °C-ren gainetik egingo dute gaur. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskalmeten iragarpenaren arabera, gaur giroa oso beroa izango da. Tenperatura maximoak 34 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean eta 40 ºC ingurukoak barnealdean.

Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, eta baliteke azken orduetan haizeak ipar-mendebaldera egitea kostaldean, bolada gogorrekin.

Horrela, arratsalde-gauetik aurrera, baliteke zaparrada trumoitsuak garatzea eta zenbait lekutan tenperatura jaistea.

Gauzak horrela, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) eta Nafarroa osoa, iparraldea salbu, alerta laranjan izango dira gaur, "muturreko tenperatura oso altuak" izango direlako. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, tenperatura maximoak 34 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean, eta 40 ºC ingurukoak, ostera, barnealdean. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du 12:00etatik 21:00ak arte.

Beroaren ondorioak saihesteko gomendioak
Beroaren ondorioak saihesteko gomendioak
Beroaren ondorioak saihesteko gomendioak

1:13

Gainera, beroaldiarekin lotuta, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) alerta fasea aktibatu du. Fase honetan, gertutik jarraituko dituzte egoera meteorologikoa eta horren ondorioak.

92.400 langile estres termikoa jasateko arriskuan daude gaurko espero den muturreko beroagatik. Langile horiek eta horien enpresek baldintza meteorologikoetara egokitu beharko dituzte lanak, aire zabaleko lanen baldintzei buruzko errege-dekretuak ezartzen duen bezala.

Enpresak behartuta daude lan-baldintzak egoera meteorologikora egokitzera eta, konponbiderik eman ezin badute, lanaldia murriztu edo aldatzera, estres termikoa saihesteko.

Halaber, Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du baso-sute arriskuagatik eta galerna arriskuagatik. Lehendabiziko abisu horia barnealdean egongo da indarrean, 12:00etatik 21:00ak arte. Halaber, galerna arriskuari lotutako abisu horia 22:00etatik 00:00etara aktibatuko da.

Bihar dira 11 urte EAEn inoizko tenperatura altuenak erregistratu zirena

Zalantzarik gabe, urteko egunik beroenetakoa izango da gaurkoa, eta akaso baita azken urteetakoa ere. Erregistroei erreparatuta (2003tik zenbatzen dira), baina, 2012ko marka gainditzeke dugu, eta bihar, ostegunarekin, beteko dira 11 urte inoizko tenperatura altuenak neurtu zirena. 

2012ko abuztuaren 10ean, Elorrion (Bizkaia) neurtu ziren beroenak: 44,8 ºC. Laudio (Araba) dago zerrendan bigarren, 44,7 ºC-rekin, eta ondoren geratu ziren Balmaseda (Bizkaia), 44,5 ºC-rekin; Saratxo (Araba), 44,3 ºC-rekin; Gardea (Araba), 43,8 ºC-rekin, eta Zornotza (Bizkaia), 43,4 ºC-rekin.

Alertak Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere

Nafarroan, Aemetek alerta laranja ezarri du gaurko Erriberan, erkidegoaren erdialdean eta Pirinioetan, 13:00etatik 21:00etara, 39 ºC-ko maximoak espero baitituzte. Iparraldean, aldiz, abisu horia aktibatuko dute, 13:00etatik 21:00etara, gehienez 35-36 gradu harrapatuko baitira. Halaber, 20:00etatik 00:00etara abisu horia izango dute iparraldean, erdialdean eta Erriberan, ekaitz arriskuagatik

Ipar Euskal Herrian, Meteofrancek abisu horia ezarri du (21:00etatik 00:00etara) ekaitz arriskuagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan Araba Iparraldea Alerta meteorologikoak albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Eguraldia Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Udako albisteak Zuberoa Bero-boladak azken ordukoa Lapurdi Nafarroa Beherea