Gizartea -

Eguraldia Euskal Herrian

Bero zakarra Araban eta Nafarroan

35 graduak aise gainditu dira gaur Araba eta Nafarroa erdi eta hegoaldean. Kantauri isurialdean, aldiz, ipar-mendebaldeko haizea sartu da goizean eta termometroei eustea lortu du.

Egunsentian 26 gradu neurtu ditu Jose Luis Imazek Zuhatzu-Arakilen. Argazkia: Jose Luis Imaz.
Nafarroa erdialdean eta Erriberan alerta laranja dago ezarrita beroagatik eta abisu horia Pirinioan

1:14

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan eta Araban bero sapa jasaten ari da goizean goizetik. Egunsentia epela izan da eta termometroek gora egin dute ondoren, hego ukituko haizeari esker.

Euskalmetek abisu horia ezarri du 12:00etatik 17:00etara Araban, Ebro ondoko eskualdeetan. Aemetek, berriz, alerta laranja du ezarria Nafarroa ia osoan eta horia Pirinioetan. Hain zuzen ere, 35 graduak aise gainditu dituzte dagoeneko foru erkidegoko hainbat lekutan: 38 ºC neurtu dituzte Iruñean eta Lizarran eta 41 ºC-ra iritsi dira Tuteran.  

Uztailaren 18ko alertak. Irudia: EITB Media

Tenperatura altuek eraginda, sute arriskua dagoenez, Nafarroan bilduta dago alerta faseen koordinaziorako eta Infona planaren jarraipenerako mahaia.

Kantauri isurialdean egoera bestelakoa izan da. Goizean hodeiak eta ostarteak zirela esnatu da zerua eta tenperaturak epelak izan dira.

Goiz erdian, ordea, haizea ipar-mendebaldetik finkatu da, tarteka, zakar xamar eta, orduak pasa ahala, lurraldean barrura sartzen joan da. Kostaldean 25 ºC-tik behera egon dira termometroak eta barneko bailaretan, leku askotan 30 ºCra iritsi badira ere, giroa freskatzen hasi da eguerdi partean.

Iragarpenak dio, gaur eguna amaitzerako, ipar-mendebaldeko haize hori lurraldearen hegoaldera sartuko dela eta termometroek denean egingo dutela behera. Izan ere, gainean dugun aire masa beroa ekialdera mugituko da eta hurrengo egunetan giro freskoagoa izango dugu Euskal Herri osoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Tutera Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lizarra Uda Bero-boladak