Gizartea -

CORONAVIRUS

Ikasleak aurrez aurreko eskoletara itzuliko direla baieztatu dute Espainiako Gobernuak eta erkidegoek

Carolina Darias Espainiako Gobernuko Osasun ministroak azpimarratu duenez, presentzialtasuna erabateko lehentasuna da, eta aho batez onartu dute gaur goizean Osasun, Hezkuntza eta Unibertsitate ministerioek erkidegoekin egin duten bileran.

Haurrak Donostiako ikastetxe baten kanpoaldean. Artxiboko irudia: EFE
Haurrak Donostiako ikastetxe baten kanpoaldean
Haurrak Donostiako ikastetxe baten kanpoaldean. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza etapa guztietako ikasleak aurrez aurreko eskoletara itzuliko dira Gabonetako oporren ostean, Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek astearte honetan adostu dutenez.

Osasun, Hezkuntza eta Unibertsitate ministerioak erkidegoetako gobernuekin bildu dira astearte honetan, ikasgeletara itzulera elkarrekin aztertzeko. Ondoren, Carolina Darias Osasun ministroak prentsaurrekoa eman du Pilar Alegria Hezkuntza ministroarekin eta Joan Subirats Unibertsitate ministroarekin batera, adostutakoaren berri zehatzago emateko.

Azken asteetan, kutsatzeen gorakadaren aurrean, ikasgeletara itzultzea atzeratzeko eta irakaskuntza-jarduera modu telematikoan edo erdipresentzialean hasteko aukera jarri zen mahai gainean, baina Espainiako Gobernuak, autonomia erkidegoek eta hezkuntza-komunitateak, oro har, ahalik eta normaltasun handiena eskatzen zuten ikastetxeetan. Eta azkenean, hala izan da.

Dariasek azpimarratu duenez, aurrez aurreko eskolak erabateko lehentasuna du, eta aho batez onartu dute goizeko bileran. Ministroaren hitzetan, "ez da erraza izan honaino iristea, baina posible izan da, bereziki, hezkuntza komunitateari esker".

Era berean, txertaketaren garrantzia azpimarratu du. "12-19 urteko adin-tartean, gazteen % 86,6k bete du pauta osoa, eta 5-11 urte bitartekoen txertaketari ekin diogu dagoeneko. Adin tarte horretan ia % 30 dosi bat gutxienez jaso du", azaldu du.

Pilar Alegria Hezkuntza ministroak, bestalde, denbora luze honetan irakasleen eta familien lana eskertu du, ikastetxeak seguruak izatea ahalbidetu dutelako. Ikasleak aurrez aurreko eskoletara itzultzea "erabaki egokia" dela uste du, eta lasaitasun, segurtasun eta konfiantza mezua bidali die familia guztiei, "ikastetxeak eremu seguruak baitira".

Amaitzeko, Joan Subirats Unibertsitate ministroak azpimarratu duenez, "babes sentsazioa sortu behar dugu eta eztabaidaezina den zerbait bilatu behar dugu, hau da, presentzialtasuna hezkuntza sisteman". Subiratsen arabera, unibertsitateak prest daude egoera honi aurre egiteko.

Positibo eman duten edo egoera pandemikoan dauden ikasleentzat, ministroak esan du lanean ari direla azterketak tarteko, ikasle horiek deialdia gal ez dezaten eta bigarren aukera bat izan dezaten.

Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur goizean azaldu duenez, Gabonetako oporrak igaro ondoren eskolen egoerak hobera egitea espero du, "egun hauetan haur askok txertoa jaso baitute". Gainera, gogoratu du Hezkuntza eta Osasun Sailak oporretako egun hauetan protokoloak eguneratzeko eta ahalik eta itzulera seguruena egiteko lanean aritu direla.

Ikastetxeetan opor aurreko egoera baino hobea espero du itzuleran Sagarduik, txertoari esker
Ikastetxeetan opor aurreko egoera baino hobea espero du itzuleran Sagarduik, txertoari esker
Ikastetxeetan opor aurreko egoera baino hobea espero du itzuleran Sagarduik, txertoari esker

0:27
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Medikuak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa