Gizartea -

KORONABIRUSA

Covid-19aren kutsatze-kurbak behera egin du Euskadin, eta ospitaleetako egoerak hobera egin du, baina motelago

40 eta 49 urte bitarteko pertsonen artean izan da positiboen kopururik altuena: 27. Hala ere, 90 urte edo gehiagoko pertsonen artean atzeman dute intzidentzia metaturik altuena, 333 kasu, eta txikiena, berriz, 60 eta 69 urte bitartekoen artean, 101 kasu.

Jendea EAEko kaleetan. Argazkia: EITB Media.
Jendea EAEko kaleetan
Jendea EAEko kaleetan. Argazkia: EITB Media.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren kutsatze-kurbak behera egiten jarraitzen du Euskadin, igande honetan 119 positibo berri erregistratu ostean, ekainaren 20tik izandako kopururik txikiena. ZIUetan ere zertxobait hobetu da egoera, baina ospitaleetako presioaren kurbaren jaitsiera motelagoa da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, igandean 3.668 proba diagnostiko egin zituzten (2.861 PCR eta 807 antigeno test), larunbatean baino gutxiago (4.364); guztira, 119 kutsatu berri izan ziren, eta aurreko egunean, berriz, 186.

Horrela, positiboen tasa % 4,3tik % 3,2ra jaitsi da, ekainaren 28tik izandako ehunekorik txikiena. Joan den astean, batez besteko positibotasun tasa % 4,3koa izan zen, duela hilabete baten erdia baino gutxiago: abuztuaren 9tik 15erako astean, % 11,3koa izan zen. Harrezkero, adierazle hori % 9,8ra, % 8,7ra, % 5,9ra eta, azkenik, % 4,3ra jaitsi da.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 61 positibo berri atzeman dituzte Bizkaian (larunbatean baino 30 gutxiago), 40 Gipuzkoan (bezperan baino 23 gutxiago) eta 17 Araban (bezperan baino 9 gutxiago). Horiez gain, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi direnen artean pertsona bat kutsatu da, eta sei kutsatu ziren bezperan.

Intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du, eta igande honetan 100.000 biztanleko 14 egunean 172,34 kasukoa izan da. Datu hori hobetu egin da hiru lurraldeetan, eta Arabak 150 kasuetatik behera egin du, Eusko Jaurlaritzak ezarritako "berehalako" helburuetako bat. Araban 144 kasu erregistratu dituzte, Bizkaian 172 eta Gipuzkoan 174.

Bilakaera ona hiru hiriburuetan ere egiaztatu da; izan ere, intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du: 163,6 Gasteizen, 167,9 Bilbon eta 146,3 Donostian. Hau da, Arabak bezala, transmisio-egoera "tenkatua" izatetik "moderatua" izatera igaro da.

Dagoeneko 5.000 biztanletik gorako bi udalerri, Laudio eta Ortuella, transmisio-gune "berdean" daude, 60 kasu baino gutxiagoko intzidentzia metatua baitute, eta 400 baino gehiago dituzten bi baino ez dira geratzen, aurreko buletinean baino hiru gutxiago: Lekeitio Bizkaian eta Aretxabaleta Gipuzkoan.

Adin-taldeen arabera, 40-49 urteko pertsonen artean izan da positiboen kopururik altuena: 27. Hala ere, 90 urte edo gehiagoko pertsonen artean intzidentzia-tasa metatu altuena erregistratu da (333 kasu), eta txikiena, berriz, 60 eta 69 urte bitartekoen artean (101 kasu).

Ospitaleetako presioa apur bat igo zen larunbatekoarekin alderatuta. Atzo 227 pertsona zeuden ospitaleratuta, bezperan baino 9 gehiago.

Zainketa intentsiboetako unitatean 58tik 57ra murriztu zen pazienteen kopurua, baina gela arruntetan zeuden gaixoen kopurua 160tik 170era igo zen. Igande honetan, koronabirusa zuten 26 gaixo ospitaleratu dituzte, bezperan baino 7 gehiago.

Nahiz eta pandemiaren beheranzko joera izan, oinarrizko birsorkuntza zenbakia (gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du) hazi egin da asteburuan: ostiralean 0,78an zegoen, larunbatean 0,80an eta atzo 0,81ean. Adierazle hori apur bat igo da hiru lurraldeetan, eta 0,81 da guztietan.

Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen du) 0,68 da.

Txertaketa

Guztira EAEko 1.676.551 herritar daude erabat immunizatuta covid-19aren aurka, txertaketa-pauta amaituta, hau da, 12 urte edo gehiagoko biztanleen % 84,7k; 1.763.505ek, berriz, gutxienez dosi bat jaso dute, eta xede-biztanleriaren % 2,5ek kontraindikazioren bat du edo uko egin dio seruma jasotzeari, Osasun Sailak astelehen honetan jakinarazi duenez.

Nafarroan, koronabirus kasuak 39 dira, Foru Erkidegoko Osasun Departamentuaren behin-behineko datuen arabera.

Egoitzak

Gipuzkoako egoitzetan zazpi adineko positibo eman dute azken orduetan, baina ez da hildakorik izan.

Aldundiak jakitera eman duenez, sei positibo berri Hondarribiko Betharram egoitzan baieztatu dituzte, eta bestea Lasarte-Oriako Atsobakar zentroan.

Une honetan, 16 kasu aktibo daude Donostiako Aldakonenea egoitzan, 3 Irungo Inmaculadan, 7 Betharramen eta 1 Atsobakarren.

Eibarko ospitalean 23 adineko daude.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak