Gizartea -
Koronabirusa
Murrizketak derrigorrez bete behar dituztela jakinarazi diete erkidegoei
Bestalde, gaueko aisialdiari eta ostalaritzari ezarritako murrizketak Lurraldeen Kontseiluak erabaki arte egongo dira indarrean, eta ez herritarren % 70 txertatuta egon arte.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Gaueko aisialdiari eta ostalaritzari ezarri beharreko neurri murriztaileak biltzen dituen agindua helarazi die arratsalde honetan Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioak autonomia erkidegoei, jakinarazpena jaso duten unetik hasita derrigorrez bete behar dutela azpimarratuta.
Carolina Darias Osasun ministroak ostiral honetan sinatu du Lurraldeen arteko Osasun Kontseiluan, asteazkenean, onartu zuten plana. Erkidegoek helegitea jartzeko aukera izango dute, Darias ministroari berari zuzenduta edo Auzitegi Nazionaleko administrazioarekiko auzien salara joz.
Agindua larunbat honetan argitaratuko dute Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta Osasun Ministerioak berretsi egin du erkidegoek derrigorrez bete beharko dutela: "Ekintzak koordinatzeko adierazpen hau erkidego guztiek bete beharko dute, bozketan eman zuten botoa zein izan zen kontuan hartu gabe".
Osasun Ministerioak Sektore Publikoaren Erregimen Juridikoaren legearen 151.2.a) artikulua aipatzen du bere jarrera justifikatzeko. Puntu horren arabera, Estatuaren eskumena da lurraldeen arteko kontseiluetan hartzen diren erabakiak koordinatzea.
Bestalde, joan den asteazkenean onartu zuen aginduan zuzenketa bat egin dute. Gaueko aisialdiari eta ostalaritzari ezarritako murrizketak Lurraldeen arteko Osasun Kontseiluak erabaki arte egongo dira indarrean, eta ez biztanleriaren % 70 txertatuta egon arte, hasiera batean ebatzi zuten moduan.