Gizartea -
Koronavirus
Lurraldearteko Kontseiluak diskotekei eta tabernei zuzendutako neurriak ezarri ditu
Neurri murriztaile berriak herritarren % 70ek txertoaren pauta osoa hartu arte egongo dira indarrean. Eusko Jaurlaritzak ez du plana babestu, bere eskumenak urratzen dituela salatuta.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Biztanleriaren % 70 txertatuta egon arte gaueko aisialdian eta ostalaritzan aplikatu beharreko neurriak ezarri ditu Espainiako Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluko Osasun Publikorako Batzordeak.
Plan berriaren arabera, intzidentzia-tasa metatua baxua denean, gaueko aisialdirako lokalak 03:00ak arte egon ahalko dira irekita, eta tabernak eta jatetxeak 01:00a arte.
Erabakia ez dute aho batez hartu, hainbat erkidego, tartean Euskal Autonomia Erkidegoa, Osasun Ministerioaren proposamenaren aurka agertu direlako.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak uko egin dio bileran parte hartzeari, proposamen horrek bere eskumenak urratzen dituelako eta LABIk astelehenean hartutako "neurri batzuekin talka" egiten duelako.
Ildo berean, Kataluniak, Galiziak, Andaluziak, Madrilek eta Murtziak dokumentuaren aurka bozkatu dute.
Aurrerantzean, alerta maila 0 (intzidentzia-tasa metatuta 0 eta 25 kasu artekoa denean) edo 1 (25-50) denean, gaueko aisialdiko lokaletan eta diskoteketan, barruan nahiz kanpoan, eserita kontsumitu beharko da, eta mahaien artean 1,5 metroko tartea mantendu beharko da.
Beranduenez, 02:00ak arte egongo dira irekita. Barrualdean edukiera % 50ekoa izango da, eta terrazetan % 100ekoa. Alabaina, barruan sei pertsona elkartu ahalko dira mahai bakoitzean, eta 10 kanpoan.
Alerta maila 2 denean (50-150), erkidego bakoitzak aztertu beharko du Osasun Ministerioaren planak aurreikusten dituen beste neurri murriztaile batzuk ezarri ala ez; edukiera % 30era murriztea, adibidez.
Intzidentzia-tasa metatua 50 kasutik behera dagoenean, gaueko aisialdiko lokalek itxiera ordutegia 03:00ak arte luzatzeko aukera izango dute.
Ostalaritzari dagokionez, erkidegoa arrisku mailatik kanpo baldin badago, barrualdean edukiera % 50ekoa izango da, eta % 60ra zabaltzeko aukera egongo da, aireztapen maila altua eta airearen kalitatearen kontrola bermatuz gero.
Terrazetan edukiera % 100ekoa izango da. Mahai bakoitzean gehienez sei pertsona batu ahalko dira, barruan, eta 10 kanpoko mahaietan. Barran kontsumitzea posible izango da.
Tabernak eta jatetxeak 01:00a arte egon ahalko dira irekita, baina 24:00etan zerbitzua emateari utzi beharko diote.
Plan berriak jende asko pilatzen den jardueratarako neurriak ere zehazten ditu: besteak beste, jatea, edatea eta erretzea galarazita egongo da eta musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da.
Horrez gain, kalean eta aire zabaleko eremuetan erretzea debekatuta egongo da, bi metroko segurtasun tartea mantendu ezin bada.
Plan berria Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean aplikatuko dute, eta neurri horiek guztiak biztanleriaren % 70 txertatuta egon arte izango dira indarrean.
BIDEOA | Gaueko aisialdiak itxita jarraituko du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan