Gizartea -
KORONABIRUSA
Gaur erabakiko dute AstraZenecaren bigarren dosia jarri ala ez
Bigarren dosia ere AstraZenecarena izatea proposatu dute Osasun arloko adituek. CombiVacS entsegu klinikoak ondorioztatu duenez, Pfizer eta AstraZeneca nahasteak immunitatea areagotzen du.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Osasun Publikoaren Batzordea gaur arratsaldean bilduko da, AstraZenecaren dosi bat jaso zuten 60 urtetik beherako pertsonak nola immunizatuko dituen erabakitzeko; izan ere, askok datorren astean hasi beharko lukete bigarren dosia hartzen.
SER irratiak astearte honetan aurreratu duenez, Osasun Ministerioari aholkua eman ohi dioten adituek bigarren dosia AstraZenecarena izatea eta 40 eta 60 urte bitarteko pertsonei jartzea proposatu dute.
Erkidegoetako eta Ministerioko arduradun nagusiek mahai gainean izango dituzte CombiVacS Pfizer eta AstraZeneca txertoak konbinatzeko Carlos III.a Osasun Institutuak martxan jarritako ikerketaren emaitzak. Hain zuzen ere, entsegu kliniko horrek ondorioztatu duenez, bi txerto horiek uztartzea, segurua ez ezik, eraginkorra ere bada, eta erantzun immunologikoa areagotzen du. Espainiako Estatuko bost ospitaletan egin dira entsegu klinikoak, Gurutzetako Ospitalean, besteak beste, eta guztira 600 boluntariok hartu dute parte.
Bestalde, Aurreko astean The Lancet aldizkarian zabaldutako beste ikerketa baten atariko aurkikuntzak ere eztabaidatuko dituzte; izan ere, Oxfordeko Unibertsitateko adituen arabera, koronabirusaren aurkako bi txerto ezberdin uztartzeak albo-ondorio arinak eta moderatuak areagotzen ditu, etxe bereko bi dosi hartuta baino gehiago.
Orain arte bildutako informazio guztiarekin, hortaz, Espainiako Estatuan AstraZenecaren lehen dosiarekin txertatutako 60 urtetik beherako ia bi milioi herritarri erantzun bat emango diote.
Apirilaren 30ean, bigarren dosien arteko tartea 12 astetik 16ra luzatzea adostu zuten (ez, ordea, 60 urtetik gorakoentzat), nahiz eta Sendagaien Europako Agentziak 12 aste gomendatu.
Orduan, Batzordeak nahiago izan zuen ebidentzia zientifiko gehiago bildu adin-tarte horretan txertoen segurtasuna bermatzeko; izan ere, ez zen hura erabiltzea aholkatu, txertoa eta tronbosi kasuak lotuta egon zitezkeelakoan.