Gizartea -

Koronabirusa

Sagardui: "Txerto bakoitzak txertaketa egitasmoa aldatzera behartu gaitzake"

"Modernaren txertoa eskuragarri dugunean, haren ezaugarrien berri izan eta txertoa jartzeko modurik onena erabakiko dugu, eta gauza bera gainerako txerto guztiekin", azaldu du Osasun sailburuak.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ziurtatu duenez, “jasoko ditugun txertoen ezaugarriek txertaketa egitasmoak aldatzera behartu gaitzakete”.

Pfizer konpainiaren txertoak kontserbazio eta administrazio ezaugarri zehatzak ditu (bi dosi dira, eta bien artean 21 egun iragan behar dira). “Modernaren txertoa eskuragarri dugunean, haren ezaugarrien berri izan eta txertoa jartzeko modurik onena erabakiko dugu, eta gauza bera gainerako txerto guztiekin”, azaldu du Osasun sailburuak ETBko '360º' programan.

“Pfizer txertoaren ezaugarriak desberdinak direla jakitun izan behar gara, zenbat biztanletara heltzen den ikusi beharko da, zenbat dosi emateko geratzen diren ikusi edo jasoko dugun hurrengo txertoa zein den jakin, eta haren beharrizanak ezagutu”, nabarmendu du.

Txertaketaren aurreneko jardunaldian “guztia ondo” joan delako zoriondu da agintaria. “Gaurko eguna mugarria da”, azpimarratu duenez.

Covid-19aren pandemiaren aurkako borrokan “bide berri bat” hasten dela uste du sailburuak. Sagarduiren ahotan, “egun historikoa izan da, eta albiste oso ona da, nahiz eta dosi kopuru sinbolikoa izan”.

"Egun historikoa izan da"

Sagarduik zehaztu duenez, igande honetan jasotako dosiak “ez dira ultra izozturik iritsi, baina normalean ultra izozturik helduko dira”. Otsaila bukaerara arte “pixkanaka-pixkanaka” ia 100.000 pertsonari txertoa jartzea espero dute Euskadin.

“Pfizer eta Biontechen lehen txertoaren ostean, Europa mailan beste txerto batzuk baimendu behar dituzte”, gogorarazi du Osasun sailburuak. “Baimena ematen dieten heinean, txerto dosi gehiago eskuragarri izango ditugu”, erantsi duenez.

“Txertaketa taldeak aldatzen direnean, txertoaren eskuragarritasunaren arabera, Osasun Sailak gizarte osoari txertoa jasotzeko eman beharreko pausoen edo jarraibideen berri emango dio”, argi utzi du Sagarduik, azken egunetan agertu diren gutun faltsuen harira.

“Oraingoz lasaitasuna, eta batez ere, prebentzio neurriak mantendu behar ditugu”, eskatu du sailburuak. “Asko zaindu behar gara, gaur bide berri bat hasi dugulako, txertoak mugarri dira, baina oraindik bide luzea dugu egiteko, eta birusa gurean dago”, ohartarazi duenez.

"Oraindik bide luzea dugu egiteko, eta birusa gurean dago"

Bestalde, Osakidetzako profesionalen lana goraipatu du buruzagiak: “Euskadin zorte ikaragarria dugu, gure profesionalak onenak direlako; pandemia hasieran une oso zailei aurre egiten jakin zuten, guztiak noraezean geundenean; bigarren olatuari aurre egiten jakin dute, eta gripearen aurkako txertaketa kanpainarik handiena amaitu berri dute Euskadin”.

“550.000 dosi baino gehiago eman dituzte modu ordenatuan, egokian eta arretari kalte egin gabe”, adierazi du. “Orain ere modu berdinean egingo dugula ez dut batere zalantzarik”, gaineratu duenez.

Koronaribursaren kontrako txertaketa kanpainaren amaieraren inguruan galdetuta, “gainerako txertoei baimena emateko orduan aurreikuspen guztiak betetzen baldin badira”, udan bukatuko dela uste du agintariak.

Hala eta guztiz ere, eperik ez finkatzea eta “egunerokotasunean pentsatzea” eskatu du, “pandemiak erakutsi digulako inguruabarrak azkar batean aldatu daitezkeela”.

Azkenik, “itxaropen mezu” bat zabaldu nahi izan du buruzagiak, “Euskadin gaur hasi eta datozen hilabeteetan helduko dena mugarria delako, egia da”, baina zuhurtzia eskatu du. “Ez dugu ahaztu behar, kontu handiz ibili behar dugu”, gogorarazi du.

“Gauzak askoz hobeto joango direla pentsatzea nahiago dut, noski, baina ordura arte geldiro joan behar dugula kontziente izan behar gara, ezarritako neurriak betez”, esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea